Beste 120.000 dosi jaso ditu Osakidetzak

Orain arteko kopururik handiena da. Astebururako «txertaketa masiboa» abiatuko dutela aurreratu dute.

AstraZenecaren txertoaren artxiboko irudi bat. LESZEK SZYMANSKI/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 30a
11:38
Entzun

2021eko bigarren hiruhilekorako txertaketa prozesua azkartuko dela aurreikusi zuen atzo Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak, eta, hain zuzen, gaur jakinarazi du ministerioak AstraZenecaren 1,5 milioi dosi banatuko dituela autonomia erkidegoen artean. Oraindik jakiteko dago Hego Euskal Herriko administrazioei zenbat egokitu zaizkien, baina Osakidetzak jakinarazi du 120.000 dosi dituela, gehienak Pfizerrenak, eta beste dosi horiek guztiak heldu orduko txertatzeko helburua jarri du. Hori horrela, asteburuan zenbait txertatzeko eremutan «txertaketa masiboa» egiteko prestatzen ari dira, El Correo atariak aurreratu duenez.

Bilboko La Casilla pabiloia eta Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazoka izango dira, atari horren arabera, jendea txertatzeko erabiliko dituzten eremuak. Orain arte emandako dosi kopururik altuena ematea espero da asteburu honetan, eta horrek lantaldean arazoak sortu dituela adierazi du El Diario.es atariak: azaldutakoaren arabera, langile falta dagoela dioen mezu bat zabaldu da Arabako ESIan, eta boluntarioak eskatu dituzte. Hala ere, Osasun Sailak mezu horiek ezeztatu ditu.

AstraZenecaren beste 120.000 dosi horiei asteon jaso dituen beste 4.800 dosiak batu behar zaizkio. Osakidetzak atzo jakinarazi zuen 60 eta 69 urte artekoak txertatzeko orduak banatzen hasi zela, ohi duen bezala, SMS bidez. Horrez gain, asteon 70 urtetik gorako biztanle guztiek lehen dosia behintzat jasoa izatea espero duela gehitu du. Adin tarte horretako jendeak Pfizerren edo Janssenen txertoak hartuko ditu.

AstraZenecaren bigarren dosia, auzitan

Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Batzordeak gaur erabakiko du AstraZenecaren bigarren dosiak jarriko dituen ala ez. Erabaki horrek ez du eraginik izango asteburuko txertaketa kanpainan, 60 urtetik beherako biztanleen bigarren dosia baita eztabaidagai, eta asteburuko txertaketa kanpainan adin horretatik gorakoak hartuko dute parte.

Hain zuzen ere, estatuko zenbait ospitale, Gurutzetakoa barne (Barakaldo, Bizkaia) azterketa kliniko bat egiten ari dira AstraZenecaren lehen dosiarekin txertatutako 60 urtetik beherako 400 boluntariorekin. Txertoaren bigarren dosia Pfizer botika etxeak ekoitzitakoa jarri diete, bi txerto horiek bateragarriak diren ala ez frogatu ahal izateko. Dena den, erabakia azken emaitzak izan aurretik hartuko du Espainiak; eta Darias ministroa zuhurtziaren alde agertu bada ere, adituen erabakia «errespetatuko» duela jakinarazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.