Birusa hanpatuta dabil, eta goranzko joerak ez du eteteko itxurarik. Horren erakusgarri dira Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten datuak. Azken eguneraketaren arabera, beste 1.815 positibo atzeman dituzte, daturik txarrena azaroaren 6tik. Orotara, 15.209 proba egin dituzte; beraz, %12k eman dute positibo, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko muga aise gaindituz. Hildakoena da datu positibo bakarra: koronabirusa zuten beste sei gaixo hil dira astebetean. Joan den urteko udara egin behar da atzera gisa horretako datu bat aurkitzeko: iazko uztailaren 27tik abuztuaren 2rako astean ere sei gaixo hil ziren, baina harrezkero goitik ibili da hildakoen kopurua.
Gainontzean, gaur igorri dituzten datuek ilunetik gehiago dute argitik baino. Egoerari lurraldez lurralde erreparatuta, Nafarroaren egoera da kezkagarriena. Bertan, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 765 kasukoa da, eta gaur beste 608 jakinarazi dituzte, kopururik txarrena joan den urteko urriaren 30etik. Gipuzkoan ere egoera makurra da: 512 kasuko intzidentzia du, eta beste 502 positibo atzeman dituzte. Lurralde horretan egun bakarrean ez dituzte hainbeste positibo izan azaroaren 14tik. Traza txarra du Bizkaiak ere. Bertan, 354 kasuko intzidentzia dute, eta 511 positibo izan dituzte, otsailaren 6tik erregistratutako kopururik handiena. Araban ere igoera nabari da: 316ko intzidentzia dute, eta beste 154 positibo, kopururik handiena otsailaren 3tik. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren 50 lagunek ere positibo eman dutela.
Eta gaixoak, pixkanaka bada ere, ari dira ospitaleetara iristen. Egun, 159 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan; horietako 38 larriki gaixo daude ZIUetan. Ospitaleratuen kopurua %57 handitu da astebetean; ZIUetako kopuruetan, berriz, ez dago joera argirik.