Beste 248 kasu baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian

Horietatik 107 Bizkaian atzeman dituzte; 55, Bilbon. Eusko Jaurlaritzak neurri berriak aurkeztuko ditu aisialdia arautzeko.

PCR probak egiten, Medillorrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2020ko uztailaren 27a
08:42
Entzun

6.271 PCR proba egin zituzten larunbatean Hego Euskal Herrian, eta beste 248 COVID-19 kasu atzeman dituzte. Aste honetan, 200 kasu baino gehiago izan dira lau egunetan. Lurraldez lurralde, Bizkaia da kaltetuena. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, azken orduetan 107 kasu baieztatu dituzte han. Gipuzkoan, berriz, 46, eta Araban, 12. EAEtik kanpo baieztatutako kasu baten berri ere eman dute. Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 82 dira lurralde hartan atzemandakoak. Jaurlaritza gaueko aisialdia arautzeko neurri berriak prestatzen ari da, eta bihar dira ostalari elkarteekin biltzekoak.

Herriz herriko datuen berri gaur emango du Jaurlaritzak, baina adierazi dute kasu gehienak udan jendea pilatzen den kostaldeko herrietan atzeman dituztela. Hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Bizkaiko kasuen erdiak baino gehiago Bilbo hiriburuan atzemandakoak dira: 55. Halere, hiri hartan ez da agerraldi berririk baieztatu, eta kostaldeko beste herri batzuetan kutsatu ote diren ikertzen ari dira.

Agerraldi berriei aurre egiteko, aisialdia are gehiago arautzea proposatu du Jaurlaritzak. Izan ere, Nekane Murga Osasun sailburuak aurreko astean adierazi zuen neurri berriak aurkeztuko dituztela aste honetan, besteak beste gaueko aisialdia, ezkontzak eta hiletak arautzeko. Atzo ere bide beretik jo zuten, eta «segurtasun tartea gordetzea ezinezkoa den edozein egoera» eragozteko eskatu.

Nafarroako kasuei dagokienez, Mendillorriko agerraldian beste bederatzi kasu gehitu dira (guztira 170). Tuterako ezkontzarekin lotuta beste bi kasu agertu dira (guztira 51), eta uztailaren 6ko hamaiketakoaren agerraldiarekin lotuta beste zazpi kasu zenbatu dituzte (guztira 33). Iruñerriko agerraldi batean beste bi kasu agertu dira (guztira 18). Gainerako 62 kasuei buruzko informazio zehatzik ez du eskaini Nafarroako Gobernuak.

Larunbatean, Nafarroan, bost pertsona ospitaleratu behar izan zituzten COVID-19 gaitzarekin gaixoturik. Ospitaleratze berrien kopurua hazteko joera agertzen ari da azken egunotan. Azken zazpi egunetan 14 ospitaleratze izan dira Nafarroan, eta aurreko astean, lau bakarrik. Eusko Jaurlaritzak asteburuan ez du ospitaleratzeen datua ematen. Beraz, larunbateko eta igandeko datuen faltan, aste honetan 17 ospitaleratze izan dira EAEn (aurreko astean, 21).

Aste osoan, 1.463 kasu pilatu dira, aurreko astekoak (775) ia bikoiztuz. Lurraldez lurralde begiratuta, aste honetan kasu gehienak Nafarroan izan dira: 585 (%40). Ondoren, Bizkaian: 527 (%36). Gero, Gipuzkoan: 279 (%19). Eta, azkenik, Araban: 66 (%4,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.