Izurria oraindik ezin kontrolpean hartu, COVID-19a atzemateko testak egiten jarraitzen dute osasun sistemek. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo egindako testetan, 281 positibo atzeman zituzten. 128 kasu Bizkaian atzeman zituzten, 77 Gipuzkoan, 47 Nafarroan eta 28 Araban.
Egindako testen %4,6 izan ziren positibo, eta, ondorioz, portzentaje horrek Hegoaldean jarraitzen du OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean jartzen hasteko ezarria duen %5eko mugatik behera. Kasuen azken goraldiari begira, positiboek uztailaren 22an jo zuten goia: 2.235 kasu atzeman zituzten orduan. Ordutik, behera egin du kurbak.
COVID-19ak jota atzo denera 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten. 79 paziente daude ZIUetan oraindik. ZIUetako egoerak beti aparteko garrantzia izan du izurri honen kontrolean, eta azken olatu honetan abuztuaren 23tik, gora behera txikiekin bada ere, beheraka ari da izurriaren aldagai hori ere; orduan 113 paziente zeuden larri ZIUetan.