Herrira mugimenduak Bilbon eman duen prentsaurrekoan jakinarazi du 30 euskal presok aurkeztu dutela edo laster aurkeztuko dutela Parot doktrinaren aplikazioaren aurkako helegitea Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Atzo Estrasburgoko epaitegia Ines del Rio presoaren helegitearen alde azaldu zen epai batean, eta zioen aipatutako doktrina onartezina dela, kartzela zigorrak luzatzean presoen eskubideak urratzen direlakoan.
Estrasburgoko ebazpena "sendoa eta argia" dela adierazi du Herrirak. Amaia Esnal eta Manu Ugartemendia mintzatu dira eta, haiekin batera, Parot doktina aplikatu zieten euskal preso ohiak ere izan dira.
Herriraren ustez, ebazpenak Espainiako Gobernuari konponbide bat bilatzen hasteko bidea ireki dio. "Presoak espetxean mantentzea injustua izateaz gain, orain legez kanpokoa ere bada eta berehala askatu beharko lituzkete", azpimarratu dute Esnal eta Ugartemendiak. Espainiako Gobernuak 87 euskal presori aplikatu die Parot doktrina.
Herrirak herritarrak zoriondu ditu giza eskubideak errespetatu daitezen egindako lanagatik, eta orain arteko bidetik jarrai dezaten eskatu die.