Ehunka COVID-19 kasu atzematen dira oraindik egunero. Hego Euskal Herriko osasun sistemek 9.634 test egin zituzten atzo, eta 382 positiboak izan ziren; alegia, testen %3,9. Lurraldeka, 160 kasu Bizkaian atzeman zituzten, 118 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, eta 44 Araban. Egun batetik bestera, igoera nabarmena izan da Gipuzkoan: beste 27 kasu atzeman dituzte.
COVID-19arekin lotutako ospitaleratzeak 41 izan ziren, orain dela hilabete pare bateko goraldiarekin alderatuta —apirilaren 20an, adibidez, 135 izan ziren— apaldu egin da kopurua, baina laututa dabil azken asteotan, gorabeherekin, baina jaitsiera argirik gabe.
Positibo berrien intzidentzia tasa ere laututa dabil; orain dela aste batzuk, beherako kurba agerikoa zen, baina ez da ageri orain. Araban 150 da; Bizkaian, 218; Gipuzkoan, 212; eta Nafarroan apalena: 135.