Hego Euskal Herrian COVID-19aren transmisioa apalduz doala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur kaleratutako datuek. Atzo 463 positibo detektatu zituzten Hegoaldean egindako testetan. 10.405 diagnostiko proba egin ziren, eta, beraz, %4,4 izan zen positiboen ehunekoa. OME Osasunaren Munduko Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean jartzen hasteko gehienezko mugarria. Positibo tasa langa horren azpitik egotea datu ona da.
Hegoaldeko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian atzeman dute positibo gehien, beste behin: 245 izan dira. Gipuzkoan 111 detektatu dituzte; Nafarroan, 70, eta Araban, 32. Beste bost positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean erregistratutakoak dira.