Beste 603 kasuren berri eman dute Hego Euskal Herrian

Pertsona bat hil da Nafarroan gaitzaren ondorioz.

PCR probak egiten ari ziren iragan astean Donostian. IDOIA ZABALETA/FOKU
2020ko irailaren 1a
12:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun Sailek azken orduetako datuak jakinarazi dituzte. Bezperan baino kasu gehiago izan dira gaur: 603 pertsonari atzeman diete gaitza; atzo 536 izan ziren. Halaber, proba gehiago egin dira azken orduetan: 8.614 test egin dituzte, atzo baino mila gehiago. Iragan aste amaierako zifra altuen ostean, bi egunetan laurehun kasuren bueltan izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Positiboen portzentajea ere jaitsi egin da: egin diren probetatik %7 izan dira positibo; iragan astean %8-9 inguru ziren.  Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo adierazi zuen goizegi dela joera aldatzen ari dela baieztatzeko, kasuek behera egin badute ere.

Apaldu egin dira azken orduetan kasuak Bizkaian eta Gipuzkoan: 194 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 146 Gipuzkoan. Araban, berriz, atzoko zifra baxuaren aldean, azken orduetan bikoiztu egin dira: 89 kasu izan dira; atzo, 41. Nafarroan ere gorantz egin dute: 158 izan dira kasuak. Erkidegotik kanpo beste hamasei kasu detektatu ditu Jaurlaritzak.

Ospitaleratuek kopuruak gora egin du. Atzo azken egunetan ospitalera jende gutxien sartu zen eguna izan zen Hego Euskal Herrian: 30 ospitaleratze izan ziren. Azken orduetan, aldiz, 50. Beraz, oraintxe bertan 366 pertsona daude erietxeetan gaitzaren eraginez; horietatik 41 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Gainera, Nafarroan gaitza zuen pertsona bat hil da azken orduetan.

Ostiralean Erne sindikatuak jakinarazi zuen Gasteizko polizia etxe batean hamahiru kasu zeudela eta zenbait langile bakarturik zeudela etxean. Sindikatuak langile guztiei probak egiteko eskatu zion Osasun Sailari, eta asteburuan PCRak egiten aritu dira osasun langileak. Orain arte 279 test egin dituzte, eta 205 proben emaitza jakin dute oraingoz: positibo bat izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.