Beste 664 pertsona kutsatu eta 42 hil dira, «egonkortze fasean» egon arren

Guztira, 10.686 euskal herritar kutsatu ditu koronabirusak, eta 597 dira hildakoak.

Bilboko Basurtu ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 3a
14:14
Entzun

Ez du etenik COVID-19k. Euskal Herrian beste 664 pertsona kutsatu dira, eta 42 gehiago hil. Horrenbestez, guztira 10.686 lagun daude gaitzak jota, eta 597 pertsona hil dira. Esperantzarako tartea irekitzen duen datu bakarrenetakoa da sendatuena: 2.736 laguni eman diete sendagiria.

Gaitzak ez du berdin erasan lurralde bakoitzean. Bizkaian daude gaixo gehienak: 4.024 –atzo baino 342 gehiago–, horietako 1.193 ospitalean. Nafarroan, berriz, 2.836 positibo daude (+154), horietako 1.284 ospitalean. Hasieran foku nagusietako bat bazen ere, kasu kopurua motelago hazten ari da orain Araban. Hain zuzen, 2.447 pertsona daude gaixo (+100), horietako 313 ospitalean. Gipuzkoan eragin txikiagoa izan du birusak: 1.356 gaixo daude (+68), horietako 335 ospitalean. Ipar Euskal Herriko datuak jakitea ez da erraza. Izan ere, Akitania Berriko datuak ematen dituzte. Hala ere, ezaguna da Baionako ospitalean 21 gaixo daudela koronabirusarekin, eta zuberotar bat Paueko ospitalean (Akitania) dagoela.

Hildakoen kopurua da gaixotasunaren benetako hedapena jakiteko daturik fidagarrienetako bat. Gaur beste 42 pertsona hil direla jakinarazi dute. Atzo emandako datua baino positiboagoa da; izan ere, 54 pertsona gehiago hil zirela jakinarazi zuten orduan. Herrialdez herrialde, 205 pertsona hil dira Bizkaian –atzo baino hemezortzi gehiago–, 176 Araban (+9), 151 Nafarroan (+10), 63 Gipuzkoan (+5), bat Lapurdin eta zuberotar bat Paueko ospitalean.

Egunero gisa, gaur ere prentsaurrekoa eman dute datu horiek azaltzeko. «Ikuspuntu epidemiologikotik, gaixotasuna egonkortze edo lautada egoeran sartu da», ziurtatu du Mikel Sanchez Jaurlaritzako Osasun Planifikaziorako zuzendariak. Hori berresten dute datuek ere. Kutsatu kopuruari dagokionez, aurreko ostegunean iragarri zuten kasu berrien kopururik handiena (994), eta ordutik beheranzkoa da joera. Hala ere, dezenteko igoera egon zen asteartetik asteazkenera –422 kasu berritatik 711ra igo ziren–. Hildakoei dagokienez, berriz, asteazkenean eman zuten egun batean hildako kopururik handienaren berri (61), eta atzo eta gaur kopuru txikiagoak eman dituzte.

Kasu positibo gehiago agertu izana proba gehiago egiteari egotzi dio Sanchezek. Guztira 19.627 proba egin dituztela esan du, atzo horietako 1.576 –egun batean inoiz egindako gehiena–, eta %32k eman zuten positibo. Azken hiru asteetan erregistratutako daturik apalena dela azpimarratu du. Zainketa intentsiboetako unitateetan ere (ZIU) egoera «egonkortu» egin dela nabarmendu du Sanchezek. Ospitaleratuen kopurua ere jaitsi da. Gaur, 2.552 pertsona daude ospitalean Hego Euskal Herrian, atzo baino 54 gutxiago. Hala ere, datuak «zuhurtasunez» ematen dituztela esan du, eta «egunetik egunera, ordutik ordura hobetzeko bokazioarekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.