Beste 716 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Positiboen portzentajea iragan astean baino bi puntu txikiagoa da: %6,5.

Jendea PCR proba egiteko zain, Irunen, atzo. GORKA ESTRADA/EFE
2020ko irailaren 3a
13:00
Entzun

Azken orduetan 10.958 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 716 positiboak izan dira. Bezperan baino zertxobait handiagoa da kopurua (680), baina badirudi azken egunetan apalduz doazela kutsatzeak. Izan ere, iragan astearen amaieran positiboen portzentajea %8-9ren bueltan ibili zen, eta orain, berriz, %6,5 da. Birsorkuntza tasaren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak, eta aldaketa igarri daiteke. Bi hilabeteren ostean, baten azpitik zegoen atzo, eta baita gaur ere: 0,96. Positibo eman duen pertsona batek zenbat lagun kutsatzen dituen adierazten du tasa horrek.

Halere, Bizkaian, positiboen gorakada nabarmena atzeman da. Bezperan, 246 kasu izan ziren; azken orduetan, berriz, 360. Beste behin ere, intzidentzia handienak hirigune handienetan izan dira: Bilbon, 126 kasu atzeman dituzte; Barakaldon, 32; Getxon, 20; eta Portugaleten, 16. Gipuzkoan, 165 kasuren berri eman dute. Gehienak hiriburuan detektatu dituzte (58), baina Hernaniko datuak dira adierazgarriak: 26 kasu detektatu dituzte. Izan ere, herriko zahar etxean agerraldi bat izan da, eta hainbat egoiliar eta langile kutsatu dira.

Nafarroan, atzo baino 23 kasu gutxiago detektatu dituzte, 111. Halere, intzidentzia altua da inguru batzuetan, Tuterako osasun eremuan gehienbat. Kasuen %27 bertan izan dira. Araban ere behera egin dute kutsatzeek; 53 kasu izan dira, atzo 91. Erkidegotik kanpo beste 27 atzeman ditu Jaurlaritzak.

Ospitaleetako egoeraren berri ere eman dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun Sailak. Azken orduetan, beste 66 gaixo ospitaleratu dituzte, eta, oraintxe, 393 lagun daude COVID-19aren ondorioz ospitalean. Horietatik 55, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan.

Irunen beste kasurik ez

Osakidetza hiru tokitan aritu da egunotan PCR proba masiboak egiten. Gasteizko polizia etxearen kasuan, asteburuan ekin zioten testak egiteari, eta 325 egin dituzte guztira. Horietatik hiru positiboak izan dira. Polizia etxeko langile guztiei egin dizkiete probak, eta Osasun Sailak itxitzat eman du baheketa.

Mungiako (Bizkaia) Goieta tabernan izandako agerraldia dela eta, 242 PCR egin dituzte oraingoz, eta 120 probaren emaitza jakin du Osasun Sailak. Horietatik bi izan dira positiboak. Gaur beste 282 test egingo dituzte.

Azken agerraldia Irungo (Gipuzkoa) Gaztelumendi tabernan sorturikoa izan da. Taberna horretan izan zirenei proba egitera joateko eskatu zien Osasun Sailak atzo, eta 445 pertsonari egin zieten testa. Horietatik 427k proben emaitzak jakin dituzte, eta guztiak negatiboak izan dira. Gaur probak egiten jarraituko du Osakidetzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.