Beste 745 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Egindako testen %6,5 dira positiboak, eta beherako joera agerikoa da.

Donostiako ospitaleko larrialdietako sarrera. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2021eko maiatzaren 7a
13:48
Entzun

Osasunbideak eta Osakidetzak atzo denera 11.333 test egin zituzten COVID-19a diagnostikatzeko, eta horietako %6,5 positiboak izan ziren: 745 kasu atzeman zituzten denera. Lehengo hilaren erdialdera milatik gora positibo atzematen ziren egunero, eta beherako joera agerikoa da orain. 100.000 biztanleko intzidentzia metatua erakusten duten datuak ere beherako kurba batean marraztu behar dira orain. 400en langatik behera dago Araban (308) eta Nafarroan (289), eta  gora oraindik ere Bizkaian (437) eta Gipuzkoan (566). Azken herrialde horretan da jaitsiera bereziki nabarmena. Horra alderaketa bat; apirilaren 27an intzidentzia metatua 719koa zen han.

Ospitaleratzeetan ere, arintzea erakusten duten zantzuak badira. Atzo 71 paziente eraman behar izan zituzten erietxeetara COVID-19aren ondorioz, eta apirilaren 20an, adibidez, 135 izan ziren. ZIUetan ere behera ari da gaitz hau duten pazienteen kopurua: orain, 202 dira; apirilaren 29an, berriz, 30 gehiago ziren.

Osakidetzan egon da bereziki igaro asteotan ospitaleetako egoerarekin kezka, eta, esaterako, premiazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera utziak dituzte han, lan zamari erantzun ezinik. Baina agerikoa da eboluzio ona; atzo 573 eri zeuden COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta, maiatzaren hasieran baino 120 gutxiago, eta aurreko egunean baino 35 gutxiago.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.