Sabino Aranak 150 urte

Beste aitzindariak

Sabino Arana abertzaletasunaren aitzindaritzat jotzen bada ere, Europako nazionalismoen sorreraren garaian, XIX. mendeko giro erromantizistan, garrantzi handiko pertsona gehiago izan ziren Euskal Herrian, tartean Xaho eta Campion.

inaki petxarroman
2015eko otsailaren 15a
08:16
Entzun

Euskal nazionalismoaren sortzailetzat hartzen bada ere, Sabino Arana ez da izendapen horretaz jabetzeko hautagai bakarra. XIX. mendean badira gutxienez beste bi gizon antzeko merezimendua dutenak: Agosti Xaho zuberotarra eta Arturo Campion nafarra.

Aranak garaikide izan zuen Campion, eta hura jaio baino bederatzi urte lehenago hil zen Xaho. Hirurek eduki zituzten kezka berak: euskara, aberria, euskaldunen historia eta nortasuna. Hirurek lan handia egin zuten politikan, literaturan, hizkuntzalaritzan. Eta hirurak izan ziren aitzindariak, bakoitza bere erara eta bere berezitasunekin. Hurrengo lerro hauetan laburbilduta daude Xaho eta Campionen bizitza eta pentsamenduaren zertzelada batzuk, haien garrantzi historikoaren testigantza moduan.

Agosti Xaho. Lehen abertzalea

Zerbait bada, aitzindaria da Agosti Xaho. Maulen jaio zen, 1811ko urriaren 11n, eta lehen abertzaletzat jo izan dute askok. Agosti Xahoren Adiskideak elkarteak honela definitu zuen 2009an egindako omenaldian: «Idazle, kazetari, euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile, abertzaletasunaren aitzindari, ezkertiar sutsua, demokrata suharra, errepublikano erne eta kementsua, pentsalari askea, erlijio egitura eta dogmen aurkari baina sinesleen errespetutsu, olerkari ezagunen adiskidea».

Atal askotan egin zen ezagun: idazle, pentsalari, hizkuntzalari eta politikari gisa. Patxi Salaberriren ustez, «euskal abertzaletasunaren muina eta tesi nagusia esplizituki formulatu zituen lehena» izan zen. Jean-Louis Davanten irudiko, «Euskal Herria ez zuen harresi batean sartzen, Europako federazio baten barnean baizik». Euskaltzalea ez ezik, abertzaletasunaren teorizatzailea ere izan zen. Mugaz bi aldeetako euskal herritarrak batuko zituen nazio bakarraren aldeko aldarria egiten lehena izan zen, eta gogor kritikatu zuen mugak eragindako zatiketa. Euskal Herrian hileta zibil baten bidez ehortziriko lehena ere izan zen, eta anarkista batek egin zion agurra hiletan.

Erromantizismoaren mugimenduarekin harremanetan sartu zen gaztetan, eta haren obra osoan eragin zuen ikuspegi idealista eta erromantizista horrek. Hark ezagutarazi zuen Aitor, lehen euskalduna. Maulen ikasi zuen lehenik, eta bigarren mailako ikasketak Oloroeko (Biarno) apeztegaitegian egin zituen. Gero, Pauen eta Parisen jarraitu zituen ikasketak. Azti-begia idatzi zuen 1834an. Ondoren, Hego Euskal Herrian ibili zen, karlistaldia bertatik bertara ezagutzen. Zumalakarregi jeneralarekin elkarrizketatu zen, eta Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques idatzi zuen.

Agosti Xaho Aintzindari bakartia liburua idatzi zuen Xabier Zabaltzak, eta, haren irudiko, «Xahok ulertu zuenez, lehen karlistaldia Euskal Herria askatzeko borroka bat izan zen, eta ETA erakundeak ere halaxe ulertu izan du». Hortik ondorioztatu du Zabaltzak Xahok oihartzun ukaezina izan duela ezkerreko abertzaletasunean. «Xaho gehienbat lehen abertzaletzat jo izan delako da ezaguna Euskal Herrian. Horregatik, batzuek onetsi dute eta beste batzuek gaitzetsi. Nire ustez, baina, bi ikuspegi horiek partzialak dira, abertzaletasun hori haren historiaren filosofiaren osagai bat besterik ez baita».

1844an Ariel aldizkari errepublikazalea argitaratzen hasi zen, Baionan, eta han azaldu zen, lehen aldiz, Aitor pertsonaia mitikoa. Ariel-en euskarazko bertsioa ere kaleratu zuen: Uscal-Herrico Gaseta. Politikan murgildua, Baionako altxamendu errepublikazalearen buru izan zen, eta Louis Napoleonen kolpearen ondorioz Gasteizera ihes egin behar izan zuen. Handik bi urtera itzuli zen Baionara, eta, politikan parte hartzea debekatu ziotenez, hiztegigintzan eman zituen azken urteak: Dictionaire basque, français, espagnol et latin, d'aprés les meilleurs auteurs classiques et les dictionaires des Académies française et espagnole. M letraraino iritsi zen, gazte hil baitzen, 1956ko urriaren 23an.

Arturo Campion. Foruzale kartsua

Foruak galdu zituen herriaren seme, Euskalherriaren alde leloari eskaini zion bere bizitzako lan politiko, literario eta intelektual oparoa. Iruñean jaio zen, 1854an, eta foruzale eta jainkozalea izan zen, guztiaren gainetik. Integrismo politikotik euskal abertzaletasunera hurbildu zen azken urteetan, eta euskal abertzaletasun bizkaitarraren nolabaiteko kontrapuntua jarri zuen, Nafarroatik landu baitzuen herriaren historiaren eta nortasun politikoaren oinarria.

Euskaltzain, idazle, Euskara elkartearen sortzaile, Eusko Ikaskuntzako ohorezko presidente izanik, ekarpen handia egin zion bere garaiko pentsamendu politikoari Campionek. Hizkuntzaren alorrean, dialektologian lan nabarmena egin zuen; narrazioan, hiru eleberri eta 30 ipuin edo narrazio labur argitaratu zituen. Jainkoa eta foruak izan ziren haren pentsamendu politikoaren bi ardatzak. Honela laburbildu du haren pentsamendua Emilio Majuelo historialariak, La idea en historia en Arturo Campion liburuaren egileak: «Foruzale eta katolikoa izan zen, foruak berreskuratzearen aldekoa eta Aita Santuaren jarraitzaile sutsua. Uste dut beti izan zela nazionalista, garai hartako Europan izaten zen moduan. Ikuspegi linguistiko batetik, sekula ez zen aranista izan, baina ikuspegi politiko batetik bai, nazionalista zen, baina ez independentista».

Iruñeko zinegotzi eta Espainiako Gorteetako diputatu izan zen, eta 1918an senatari aukeratu zuten, Bizkaiko EAJren zerrendan aurkeztuta. Hala ere, sekula ez zion lehentasunik eman bere karrera politikoari, baizik eta bere arlo intelektualari. 1920an emandako hitzaldi batean, hauxe azaldu zuen: «Eusko-espainiarra ez da frantsesa, baina bai euskalduna. Eusko-frantsesa ez da espainiarra, baina bai euskalduna. Beraz, euskalduna ez da frantsesa ez espainiarra. Hona hemen, aberkide maiteok, abertzaletasunaren esentzia. Euskalduna frantses eta espainiar egin zuten gizakiek idatzi dituzten konstituzio politikoek, baina euskaldun egin zuen jainkoak naturari buruz idatzitako konstituzioaren liburuak».

Campion 1937an hil zen, frankismoaren altxamendu eta gerra betean, eta oraindik ez da argitu altxamendu frankistarekin izan zuen benetako jarrera. Izan ere, Diario de Navarra-n altxamenduaren aldeko mezu bat argitaratu bazuen ere, beste iturri batzuek frankisten aurkakotzat jo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.