Urtebete betetzear da Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) bi etxebizitzatan sutea piztu zenetik. Urtezahar gau hartan zeharo aldatu zen 42 familien egoera. Geroztik, elkartasun keinuek ez dute etenik izan etxerik gabe geratu zirenei laguntzeko. Horren erakusleetako bat izan da SOS Pasaia Trintxerpe elkartearen azkena: 129.000 euroko txeke bat banatu die suteak kaltetutako familiei; hainbat norbanako eta erakundek eman dute laguntza.
Ekintza horrekin, "ziklo bat" itxi dela adierazi du Izaskun Barbier SOS Pasaia-Trintxerpe elkarteko kideak. "Zuek zarete jarraitu behar duzuenak; espero dugu inoiz gehiago gure beharrik ez izatea", esan du.
Ane Piñeiro kaltetuen batzordeko ordezkariak azaldu duenez, familia gehienen asmoa etxebizitza berreraikitzea da; hala ere, beste hainbatek bestelako asmoak dituzte, eta horregatik, dirua kaltetuen artean banatzea erabaki dute. Kalkulatu dutenez, etxea eraisteko lanek otsailera arte iraungo dute. Jasotako babesa eskertu du.