Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du "beste espetxe politika bat" eskatuko diola Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. Besteak beste, euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea galdegingo dio. Haren arabera, Jaurlaritzak EAEko kartzelen eskumena izan beharko luke.
Urkulluk Ser irrati katean esan du larunbatean Bilboko manifestaziora joan ziren milaka eta milaka lagunei errespetua diela, baita "joan ez ziren Euskal Herriko ia hiru milioi lagunei ere".
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ez du aintzat hartu larunbateko manifestazioa, eta ETAri berriro eskatu dio desegiteko. "Gobernuak ondoren jakingo du gaia kudeatzen, lege esparruan", esan du gaur.
Iazko abenduaren erditik da Urkullu Jaurlaritzako lehendakari. Karguan denetik ez da bildu Raxoirekin.
Ortuzar: "Pauso gehiago eman behar dira, baina norabide guztietan"
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidente berriak aitortu du "pauso gehiago" eman behar direla presoen auzian, "baina norabide guztietan eman behar dira. Egia da PP geratuta dagoela, baina ezker abertzalea ere hala dago".
Ortuzarrek Vocento taldeari emandako elkarrizketa batean esan du ezker abertzaleak eskatutako guztia egin duela EAJk, eta "hark hori badaki". "Gogoeta bat planteatzen dut: nahikoa al da manifestazio bat? Eta hori bakarrik egin eta emaitzarik ez badu ematen? Badakigu pauso gehiago eman behar direla, baina eragindako minaren aitorpenean eta biktimenean ere bidea egin behar da". Uste du beharrezkoa dela ETA desagertzea.
EH Bildu: "Amaitu da blokeo eta aitzakien garaia"
EH Bilduk atzo Bilboko mobilizazioaren oso balorazio ona egin zuen. "Euskal jendarteak argi adierazi du: amaitu da blokeo eta aitzakien garaia. Aski da; espetxe politikak eta eskubide urraketak konponbidearen aurkako tresna izateari utzi behar diote. Euskal jendartearen borondatea ezin da mespretxatu".