Beste etxe okupatu bat hustu dute Portugaleten, bizilagunen protesten ondorioz

Portugaleteko Udalak itxi egingo du etxe horretako sarrera, herenegun hustu zutenarekin atzo egin zuten bezala.

Portugalete. WIKIMEDIA
2020ko ekainaren 5a
10:06
Entzun

Portugaleteko (Bizkaia) Errepelaga auzoan beste etxe okupatu bat hustu dute bart, bizilagunen protesten ondorioz. Aurretik, dozenaka bizilagun elkartu dira etxe okupatuko atarian, Arantza kalean. Ertzaintza hara joan da, eta etxea inguratu du, bizilagunak ez hurbiltzeko. Horren ondorioz, tentsio uneak izan dira bizilagunen eta polizien artean. 22:00etan hasita, ordubete inguru egon dira bizilagunak han, azkenean etxea okupatzen ari zen gizonak etxea utzi duen arte.

Hori gertatu bezperan, asteazkenean, inguruko beste kale batean istiluak izan ziren, bizilagunak etxe okupatu baten aurrean bildu zirenean protesta gisara. Hiru pertsona bizi ziren etxean, eta tentsio handiagoa izan zen. Han bildutako bizilagunen arabera, goizean lapurreta bat dela-eta auzoan atxilotutako gizon bat etxe horretan bizi zen, eta protesta gisara bildu ziren etxe horren atarian. Asteazken gauean, Ertzainak babestuta atera behar izan zuten etxe okupatutik han ziren bi gizonek.

Portugaleteko Udalak atzo itxi egin zuen etxe horretako sarrera, eta gauza bera egingo du bart hustu dutenarekin, berriro gerta ez dadin. Mikel Torres Portugaleteko alkateak Efe albiste agentziari adierazi dio etxe okupatuan bizi zirenek "ezinegona" sortzen zutela auzoan, eta auzoan ez zituztela nahi esateko bildu zirela bizilagunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.