Gara egunkariak zabaldu duenez, Guardia Zibilak beste etxebizitza bat miatu du bart Barañainen (Nafarroa), herri horretan egindako azken sarekadarekin lotuta.
Barañaingo herritarrei Gara-ri agertu diotenez, gazte baten bila joan dira etxe horretara baina ez dute han aurkitu. Miaketa egiten zuten bitartean, etxebizitza hartan bizi diren beste hiru gazteak lurrean etzanik eta burua zapaltzen zietela eduki dituzte.
Joan den igandean Luis Goñi eta Xabier Sagardoi atxilotu zituen Guardia Zibilak Barañainen, kale erasoekin zerikusia izatea leporatuta. Besteak beste, gaztetxea miatu zuten atxiloketak baliatuz. Halaber, Iruñeko Iturrama auzoan beste gazte bat atxilotzera joan ziren, baina ez zuten aurkitu.
Lau egunez inkomunikatuta egon ondoren, Goñik eta Sagardoik atzo deklaratu zuten Grande Marlaska epailearen aurrean. Bi gazteak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak, Segiko kide direlakoan "erakunde terroristan" aritzea eta hondamendiak eragitea egotzita. Gazteek, berriz, Guardia Zibilaren esku izan diren bitartean tortura bortitzak jasan dituztela salatu dute.
Atxiloketak
Beste etxebizitza bat miatu dute Barañainen
Gazte baten bila joan da Guardia Zibila, baina ez dute etxean aurkitu. Etxebizitza berean bizi diren beste hiru gazteak lurrean etzanik eta burua zapaltzen zietela eduki dituzte hiru orduz. Atzo baldintza gabe espetxeratu zituzten Luis Goñi eta Xabier Sagardoiren atxiloketekin lotu dute bart gaueko miaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu