Barakaldoko udaltzainek (Bizkaia) beste gazte bat atxilotu dute Zornotzako erasoarekin lotuta. Atxilo hartutako bederatzigarren pertsona da. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, adin nagusikoa da. Komisarian dago, eta epailearen aurretik igarotzekoa da.
Iragan asteburuan Zornotzako erasoan parte hartzea egotzita atxilotutako zortzi mutiletatik hiru iragan dira epailearen aurretik Durangoko auzitegian; adin nagusiko hirurak. Bi espetxeratzeko agindu du epaileak, eta hirugarrena aske geratu da, baina hilean behin epaitegira joan beharko du. Ikerketak irekita segitzen du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Adin nagusikoak ez diren gainerako atxilotuak fiskalaren esku daude, iturri berak adierazi duenez.
Iragan igande goizaldean Zornotzan (Bizkaia) mutil bati eraso egitea egotzita atxilotu zituzten zortzi gazte. Erasoa jasan zuen 23 urteko mutila Gurutzetako ospitalera eraman zuten (Barakaldo, Bizkaia). Berri agentziek familia iturriak aipatuz jakinarazi dutenez, gaztea egonkor dago, baina oso larri. Birritan operatu dute, odolbilduak ditu buruan, eta ez aurrera ez atzera, egonkor segitzen duela adierazi dute. Bilakaera ikusi beharko dela jakinarazi diete medikuek gaztearen senitartekoei.
Joan den asteburuan, Zornotzan (Bizkaia), istiluak izan ziren herriko hainbat tokitan, eta hiru lagun zaurituta eraman zituzten ospitalera. Gazte bat jipoitu egin zuten jende askoren arteko borroka batean. Segurtasun Sailaren arabera, Jauregibarria inguruan gertatu zen istilua, eta buruan eman zizkioten kolpeengatik konortea galduta eraman zuten gaztea Gurutzetako ospitalera.
Grabazioa
Erasotzaileek, gainera, grabatu egin zuten jipoia, eta bideoa sare sozialetan zabaldu zuten; irudietan, ikus daiteke herriko beste zenbait tokitan ere istiluak sortu zituztela. Asteburuko istiluetako beste bat Luis Urrengoetxea kalean gertatu zen: borroka bat izan zen bi kuadrillaren artean, eta kristalezko botilak ere jaurti zituzten. Udaltzaingoa eta Ertzaintza hara joan ziren, eta mutil bat atxilotu zuten.
Elkarretaratze soka luzea ekarri dute iragan asteburuko istiluek. «Erasoen eta giro oldarkorraren» aurkako jarrera agertzeko dozenaka pertsona elkartu ziren astearte iluntzean Zornotzan. Zauritutako gazteari elkartasuna agertu zioten, eta baita erasoak jasan zituzten gainerakoei ere. Salatu zuten arazoaren muina «betiko gizonen gizonkeria» dela: «Beti dago gizon talde bat, giro biolentoa sortzen eta jarrera matxiruloak izaten». Dei egin zuten herri moduan egoera errotik mozteko: «Herria denona denez, denon ardura da». Lemoan ere elkarretaratzea egin zuten ostegun iluntzean, larri zaurituta dagoen gaztea bertakoa baita.
Gorroto delitua
Bai Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak, bai Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak, bai Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak onartezintzat jo zuten erasoa.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen litekeena dela «gorroto delitua egotea, erasoa jasan duten zenbait pertsonaren ezaugarriengatik egin dutelakoan eraso». Zupiriaren esanetan, bizikidetzaren eta pertsonen duintasunaren aurkako erasoak izan dira, eta «irmotasun osoz» egin behar da halako erasoen aurka. Erkorekak esan zuen Koala anaiak izeneko talde bateko partaide zirela atxilotuak, eta aurrekariak zituztela. Esan zuenez, litekeena da hilketa saio burutu gabea egoztea, atera diren bideo grabazioetako batean «hil ezazue» entzuten delako.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAErako ordezkariak ere kezka agertu zuen: «Egiturazko indarkeriaren goratze bat dago», esan zuen, eta «gorroto delituei» erantzutera deitu zuen.