Zaldibarko hondamendia

Beste lau hilabete iraun dezakete Joaquin Beltran bilatzeko lanek

Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dute beste bi astez segituko dutela Sololuze topatu duten gunea arakatzen, Beltranen arrastoen bila; baina, agertuko ez balitz, beste gune bat egokitu beharko lukete indusketa lanetan segitzeko.

Beltranen eta Sololuzeren aldeko ekitaldia, joan den maiatzean, Ermuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maider Galardi
2020ko abuztuaren 19a
16:36
Entzun

Alberto Sololuzeren gorpuzkiak agertu diren tokian —baskularen azpian, B1 gunean— segituko dute bilaketa lanetan Zaldibarko zabortegian; izan ere, Joaquin Beltranen gorpuzkiak topatzea da hurrengo urratsa. Eusko Jaurlaritzak BERRIAri jakinarazi dionez, beste bi aste iraun dezakete induskatze lanek gune horretan, eta, hor agertuko ez balitz, eremu berri bat arakatzen hasiko lirateke.

Egokitze lanak, ordea, ez dira errazak izango. Ingurumen Saila da hondeatze lanen kudeaketa materialaren arduraduna, eta sail horretako iturriek azaldu dute hainbat hilabetez luza daitekeela prozesua: 300.000 metro kubiko hondakin mugitu behar dira, eta, horretarako, luizia egonkortzeko jarritako horma kendu beharko dute.

Bila non segitu

Oraingoz, gune berean segituko dute bila. BERRIAk jakin duenez, beste hiru auto aurkitu beharko lituzkete eremu horretan, eta berehala amaitzekoak lirateke indusketa lanak. Baina, Sololuzeren gorpuzkiak aurkituta, gunea zehatzago atertzen ari dira orain. Jaurlaritzak dio «konpromisoa» bi gorpuak aurkitzea dela.

Hain zuzen ere, Moyua enpresa ari da indusketa lanak egiten, eta, abuztu amaierara arteko kontratua izan arren, BERRIAk jakin du orain luzatu egin dutela kontratua, lanetan aurrera segitzeko, abendura arte, gutxienez.

Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Elena Moreno sailburuordea Zaldibarren izan dira lan mahai teknikoak astero egiten duen bileran. Oraingoan, Sololuzeren gorpua identifikatuta, Beltranen gorpuzkiak bilatzeko lanak antolatzen aritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.