Epaiketa

Beste lau pertsona inputatu dituzte Osakidetzaren lan eskaintza publikoko iruzurrari lotuta

LAB sindikatuak jakinarazi du uztailean deklaratu beharko dutela.

Osakidetzako oposizioak, 2018an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 1a
18:52
Entzun

Ostiralean beteko dira hiru urte Osakidetzako mediku espezialisten proban izandako iruzurra azaleratu zutenetik, eta LAB sindikatuak iragarri du berritasunak daudela auzi horren inguruan. Ziurtatu du beste lau pertsona inputatu dituztela: Debagoieneko Traumatologiako zerbitzuburua, Kirurgia Plastiko eta Konpontzailearen lehen azterketaren egilea, Kirurgia Plastiko eta Konponketakoaren lehen azterketaren bigarren egilea eta Kirurgia Plastiko eta Konpontzaile kategoriako hamargarren oposiziogilea.

Pertsona horiek ikertuen zerrendan sartu dituzte, eta uztailaren 8an deklaratu beharko dute. Horrenbestez, sindikatuaren arabera, dagoeneko 11 lagun daude inputatuta 2016-2017ko Osakidetzako fakultatibo espezialisten LEP lan eskaintza publikoko azterketetako filtrazioengatik. «Egozte horiek guztiak LABek herri akusazioan egindako ekintzarekin lortu dira», ziurtatu du sindikatuak, ohar bidez. Uztailaren 8an bertan deklaratuko du Kirurgia Plastikoko epaimahaiko seigarren kideak ere.

Inputatu gisa ez, baina beste zenbait pertsonak lekuko gisa deklaratu beharko dute uztailaren 6an, LABen esanetan; hain zuzen, 2016-2017ko lan eskaintza publikoaren akordioaren negoziazioetan parte hartu zuten Medikuen Sindikatuko bi kidek; Jose Maria Armentia Osakidetzako giza baliabideetako zuzendari ohiak; HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko arduradunak; Kirurgia Plastikoa, Estetikoa eta Konpontzailearen oposizioa gainditu zuen oposiziogile batek; eta Kirurgia Kardiobaskularreko epaimahaiko kide batek. Gainera, ekainaren 11n lekuko gisa deklaratuko du Jose Muñiz Fernandez Oviedoko Unibertsitateko irakasleak; hura arduratu zen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskatutako azterketa psikometrikoa egiteaz.

Horretaz gainera, LABen arabera, magistratuak onartu egin du Ospitaleetako Pediatriako epaimahai kalifikatzailearen aktak eta Arabako ESIko pediatriako zerbitzuburuari irekitako diziplina espedienteari buruzko informazioa eskatzea Osakidetzari, eta, halakorik balego, epaitegira bidaltzea.

Zuzendaritza epaitzeko eskaerari, erantzunik ez

Gainera, sindikatuaren hitzetan, magistratuak oraindik ez du ebatzi Osakidetzako zuzendaritzako kideek ikertu gisa deklaratzeko eskaera. LABek egindako herri akusazioaren arabera, «Jon Darponek, Maria Jesus Mujikak, Juan Carlos Sotok, Andoni Artzelaik, Xabier Balerdik eta Miriam Apariziok osatutako gune operatibo horren jarduketak legez kanpoko elkartzearen, sekretuen berri ematearen eta kontratazioan iruzur egitearen delituen barruan sartuko lirateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.