Bart gauean Bilboko Udaltzaingoak beste pertsona bat atxilotu du aste honetan izan den hilketarekin lotuta. Ostegunean izan zen lehen atxiloketa, Urazurrutia kalearen inguruan, eta Ertzaintzak ez du baztertzen gehiago egitea. Bi atxilotuak Ertzaintzaren esku daude, hura ari baita ikerketa egiten.
Asteazkenean gertatu zen erasoa. Salazar Jeneralaren kalean, Ametzola inguruan, 22:30 inguru zirela. 24 urteko gazte bati labanaz eraso zioten. Gaztea lurrera bota eta hari labana batekin eraso ondoren egin zuten ihes erasotzaileek.
Hanka batean egin zioten zauria gazteari, eta odol asko galdu zuen. Basurtuko ospitalera eraman zuten anbulantzia batean, eta ebakuntza egin zioten. 06:00 inguruan, suspertze gela batera eraman zuten, baina han zendu zen.
Ertzaintzak atzo esan zuen hildakoak aurrekari polizialak zituela. Izan ere, joan den asteartean atxilotu zuten, trasteleku batean gertatutako lapurreta batekin lotura zuelakoan, eta zenbait ordu igaro zituen atxilotuta Ertzaintzaren komisaria batean, Bilbon.