Zuiako (Araba) zahar etxe bateko agerraldiak hazi eta hazi ari dira. Prebentziorako egiten diren PCR probetan zenbait kasu detektatu zituzten iragan astean etxe horretan, eta, bigarren proba egitean, kasu gehiago azaldu dira. Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du sei egoiliarrek eta langile batek positibo eman dutela testean. Beraz, oraintxe, zahar etxe horretako 25 egoiliar daude kutsaturik: guztiak «egonkor» daudela azaldu du Diputazioak, batzuk sintoma arinak dituzten arren. Gaitza duten egoiliarrak bakarturik daude zentroan bertan.
Birusa gogor sartu da zahar etxeetara azken asteetan. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, oraingoz, zentro bakar batean atzeman dituzte kasuak; Bizkaian, aldiz, lau zentrori eraso die dagoeneko gaitzak. Beste datu kezkagarri bat ere ekarri du zahar etxeetara COVID-19ak: bost egoiliar hil dira azken egunetan; lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Agintariek jakinarazi dutenez, ehundik gora egoiliar daude kutsaturik orain Hego Euskal Herrian: 148, hain zuzen ere.