Euskal Herriko hizkuntza paisaia «iraultzeko» konpromisoa bere egin eta EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek bultzatutako Ezabatu eta euskaraz bizi ekinaldiarekin bat egiteagatik, Altsasuko Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver epaitu zituzten atzo, Iruñean, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren egoitzan. Altsasuko hamasei bide seinaletako gaztelaniazko mezuak ezabatzea egotzita, Nafarroako Gobernuari 941,43 euro ordaintzea eta sei eguneko etxeko atxiloaldia betetzea eskatu zuen fiskaltzak akusatuentzat. Absoluzioa galdegin zuen defentsa abokatuak. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak babesa adierazi zien auzipetuei epaitegiaren kanpoko aldean; Euskaldunon aurkako epaiketarik ez! Ezabatu eta euskaraz bizi lelopean egin zuten elkarretaratzea.
Hamar hilabete igaro dira bi gazteei leporatutako delitua gertatu zenetik. Ezabatu eta euskaraz bizi ekinaldiarekin bat egin, eta ezabaketak egitera atera ziren iazko azaroaren 14an. Altsasuko San Juan kalean bi foruzainekin egin zuten topo, ezer egin aurretik, akusatuen esanetan. «Haiekin euskaraz hasi ginen, normal-normal», esan du Claverrek. Foruzain batek euskaraz bazekien, baina besteak ez, eta gaztelaniaz egiteko eskatu zien. «Euskaldun bat zegoenez, euskaraz egin genuen». Erabakiak ondorioak izan zituen. Desobedientziagatik, 150 euroko isun bana jaso zuten, eta 3.000 euroko beste isun bana, zirkulazio seinaleak arrazoirik gabe ezabatzeagatik. «Altsasuko hamasei bide seinale ezabatu ditugula esaten dute, eta aspaldi egindako ezabaketak dira», azaldu du Claverrek. Helegitea aurkeztu zuten 150 euroko isunaren aurka, eta bertan behera geratu zen. 6.000 euroak, baina, ordainduegin behar izan dituzte. Espainiako Trafiko Zuzendaritzak jarri zien isun hori.
Epaiketara sartu aurretik, auzipetuek esan zuten itzultzailea egonez gero ez zutela deklaratuko. «Ezin badugu euskaraz itzultzailerik gabe deklaratu, ez dugu egingo», esan zuen Ramirez de Aldak. Eta hala gertatu zen. Itzultzailea zegoen epaiketan, eta bi gazteek deklaratzeari uko egin zioten. Bi gazteak geldiarazi zituen foruzainetako bat izan zen lehenengo lekukoa. Altsasu eta inguruetan gaztelaniazko seinaleak ezabatuak egotea «oso arrunta» dela onartu zuen, baina ezin izan zuen baieztatu ezabaketa guziak Ramirez de Aldak eta Claverrek egin zituztenik. Gainera, froga gisa aurkeztutako argazkietan ageri ziren hainbat seinale «aspaldi ezabatutakoak» zirela esan zuen Garazi Urrestarazu Altsasuko alkateak.
Auzipetuek ez deklaratzea susmagarri ikusi du fiskaltzak. Haren aburuz, ezabaketa egin izan ez balute deklaratu eginen lukete. Horri erantzunez, auzipetuek egindako lehenengo deklarazioa ekarri zuen gogora defentsako abokatuak. Claverrek eta Ramirez de Aldak akusazioa ukatu zuten orduan; esan zuten egiteko intentzioa baino ez zutela.
Nolanahi ere, 941,43 euroko kalte-ordaina eskatu du fiskaltzak, hori delakoan seinaleak garbitzearen kostua. Ez du, baina, ordain agiririk aurkeztu. Nafarroako Gobernuko abokatuak bat egin du fiskalarekin. Defentsa abokatuak, aldiz, ukatu egin du gazteek hamasei bide seinaleak ezabatu izana, eta absoluzioa eskatu du. Gazteak identifikatu ondoren, Altsasu herrian ezabatuta zeuden seinaleen txosten fotografiko bat egin zuten foruzainek. Defentsa abokatuak adierazi duenez, txostenean hamar seinale agertzen dira, eta ez hamasei. San Juan kaleko bide seinaleak ez direla agertzen ere gaineratu du. Epaiaren zain geratu da auzia.
Eskubideen alde
Atzo, 35 lagunek elkartasuna adierazizieten Claverri eta Ramirez de Aldari. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren atarian elkarretaratzea egin zuten epaiketa egin bitartean. «Eman beharreko eztabaidaren funtsa ez dago kasu konkretu honetan, euskaldunok pairatzen dugun egoera lazgarrian baizik», ohartarazi zuen EHEk. Hizkuntza eskubideen aldarrikapena egiteagatik epaitzea salatu zuen mugimenduak. Altsasuko alkatea berdin mintzatu zen, epaiketan bertan: «Uste dut euskaldunon eskubideen alde lana egiten dutela bi akusatuek eta ez direla horregatik epaitu behar». Akusatuek ere euskaraz bizitzeko aukerarik ez izatea salatu zuten. «Euskaraz bizitzeagatik hemen egotea lotsagarria da», adierazi zuen Claverrek.
Beste zigor bana eskatu du fiskaltzak EHEko bi kiderentzat, 940 eurokoak
Itzultzailea onartu ez, eta deklaratzeari uko egin diote seinaleak ezabatzeagatik epaitutako bi gazteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu