Elkarlanean sakontzen ari dira Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea. Ekainaren 20an Bilboko Euskalduna jauregian euskal estatua sortzeari begira indarrak metatzeko helburuz izenpetu zuten akordioa oinarri hartuta, lan eremuak herrialdeka zehazten ari dira. Bizkaira begirako akordioa aurkeztu zuten atzo, alderdi bakoitzeko hogei bat ordezkarik. Euskal estatua sortzeari begira indarrak batu dituztela berretsi zuten, eta, horretarako, egungo gizarte eredua aldatu beharra aldarrikatu. Hortaz, bestelako Bizkai baten alde, elkarlanean arituko direla hitz eman zuten.
Joana Regueiro ezker abertzaleko kideak eta Joseba Gezuraga EAkoak adierazi zutenez, akordio estrategikoa da atzo kaleratutakoa; sakona, eta luzera begirakoa. Ez da hauteskundeetan pentsatuz hartutako erabakia. Hala ere, ez zuten baztertu datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan elkarrekin aritzeko aukera. Regueiroren esanetan, «egin behar dugun bidean puntu bat besterik ez dira hauteskundeak»; ez da hori garrantzitsuena bi aldeetako ordezkarientzat, eta, beraz, ez dute, oraindik, aukera horri buruzko erabakirik hartu.
Zehatza da atzo aurkeztutako akordioa. Bizkaira begirakoa izanik, gizarte eredua aldatu beharrean egiten du indar. Sinatzaileen ustez, eredu sozial eta ekonomiko aurrerakoia behar du Bizkaiak, eta egituraketa juridiko-politikoa aldatzea eskatzen du horrek. Herritarrak jarri nahi ditu politikagintzaren eta erabaki guneen erdigunean. Instituzioak «goitik behera» eraldatu, «benetako demokrazia parte-hartzailea» oinarri hartu, eta herritarren hitza eta erabakia bete behar ditu.
«Justizia sozialaren, berdintasunaren eta aberastasunaren banaketa egokiaren alde» ere egin dute Lortu Arte Bizkaian akordioan. Eta, aberastasuna «erajustuan» banatu dadin, zerga politika «justuagoa» proposatu dute. Osasun sistema publikoa, gizarte zerbitzuen sare publikoa eta alokairuzko etxebizitza publikoen parkeak aldarrikatu dituzte. Euskararen erabilera normalizatua ziurtatzeko, «berezko hizkuntzatzat» jo dadila proposatu dute. Garapen iraunkorrari, gazteen protagonismoari, etorkinekiko elkarlanari eta bestelako lurralde antolaketa bati berebiziko garrantzia eman diote. Hori guztiori ardatz hartuta ariko dira elkarlanean EA eta ezker abertzalea, Bizkaian. Beste herrialde batzuetan aurkeztu dituzte dagoeneko antzeko hitzarmenak, eta, gaur, Arabakoa aurkeztuko dute.
UPN, PSN eta CDN, aurka
Baina denak ez dira gustura agertu EAk eta ezker abertzaleak iragarritako elkarlanarekin. Hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko aukera hizpide hartu, eta horren aurka egin dute PPk, UPNk, PSNk eta CDNk.
«Askatasunean eta demokrazian pentsatzen duen inork ezin du babestu EAk eta ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezteko egindako hitzarmena», esan du Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak.
UPNk ez du ulertzen «EAren moduko alderdi demokratiko batek» ezker abertzalearekin akordioa egin izana, eta azalpenak eman ditzala eskatu dio. PSNren ustez, EAk ez dio ezker abertzaleari «beharrezko zorroztasuna» eskatu. CDNk, berriz, esan du «bidezidorrek» ez dutela lekurik eta ETA desagertu arte Batasuna bozetan egon dadin saihestu behar dela.
Bestelako Bizkai bat lortzeko helburuz, elkarlanean ari dira EA eta ezker abertzalea
Euskal estatuari begira, gizarte eredua aldatzeko akordio estrategikoa egin dute, eta ez dute baztertu bozei begirako elkarlana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu