dantza

Beti izango dute New York

Duela 50 urte, Iruñeko Udaleko erraldoiak eta Dugunako dantzariak Ameriketako Estatu Batuetan izan ziren. Erraldoi lanak egitera joan zirenak hilak dira, baina dantza taldeko zenbait sasoiko daude oraindik. Memoriaren zuloez kexu diren arren, elkarri lagunduz berregin dute istorioa Mentxu Etxanizek, Jose Antonio Azkaratek eta Rosa Azkonak. [youtube]https://youtu.be/KD6h7xvgBg0[/youtube]

Ihintza Elustondo
2015eko azaroaren 25a
17:31
Entzun

Ondo gordea du Jose Antonio Azkaratek (Iruñea, 1943) 1965eko urriaren 6ko data duen Madrildik New Yorkerako hegazkin txartela. Haren emazte Mentxu Etxanizek (Iruñea, 1946) irribarretsu begiratzen ditu bidaia hartako zuri-beltzeko argazkiak. Rosa Azkonak (Iruñea, 1943), Federe Azkona Iruñeko Udaleko dantza taldeko zuzendariaren alabak, honako hau erantsi du: «A ze garaiak!». Hirurak Iruñeko dantza taldean urte ugari egindakoak dira, behin guraso izan eta utzi zuten arte. Denboraldi hartako oroitzapen goxoak dituzte memorian itsatsiak, eta horien artean, ez dute sekula ahaztuko New Yorkera egin zuten bidaia. Hogei urteren bueltan zituzten sasoi hartan, eta gaztaroko kuriositatea zela tarteko, inguratzen zituzten guztiari so pasatu zituzten egunak. Ez daude ziur zenbat egun egin zituzten atzerriko hirian, «hamar edo hamabi inguru» izan zirela uste dute.

1965eko udazken hartan, Nazioarteko Feria antolatu zuten Sagar Handian, eta Espainiako Estatua ordezkatzera joan ziren Iruñeko erraldoiak eta dantzariak. Feriako pabiloi espainiarraren arduraduna Miguel Garcia Saez zen, iruindarra. «Hark mugitu zuen guztia, hark nahi izan zuen erraldoiak eta dantzariak feriara joatea», azaldu du Azkonak. Orotara, hogei dantzari inguru —erdiak neskak, eta beste erdiak mutilak—, sei erraldoi, txistulariak, akordeoi jotzaileren bat, gaita jotzaileak, udaleko arduradunen bat... joan zirela oroitzen dute.

Iruñeko dantzariek Euskal Herriko hainbat dantza taularatu zituzten egunero Espainiako pabiloian: besteak beste, Otsagabiako dantzak (Nafarroa), Zuberoakoak, Gipuzkoako ezpata dantza, Bizkaiko binakoak eta launakoak, eta Lizarrako larrain dantza (Nafarroa). Gainera, egun batez, New Yorkeko bosgarren etorbidean ere desfilatu zuten, erraldoiekin batera.

Iruñeko Udaleko erraldoiak zortzi dira izatez; bikoteka, kontinente bana ordezkatzen dute: Europa, Asia, Afrika eta Amerika. Ozeaniakorik ez da haien artean. Eta ez da kasualitatea bidaia hartara sei erraldoi soilik joan izana. Izan ere, haietako bi beltzak dira, eta ez zituzten onartu ferian. Angel Larunbe (1945, Iruñea), erraldoien konpartsako kide zen orduan, eta, bidaia hartara joan ez bazen ere, gertutik bizi izan zituen taldekideen abenturak. Argi du zergatik ez zen komeni bera AEBetara joatea: «20 urte nituen garai hartan, eta korapilatsua zen, hemen genun egoera zela eta. AEBetako agintariak beldur ziren jendea erbesteratuko ote zen, edo han geldituko ote zen lanean». Horregatik, ezkonduta zegoen eta haurrak zituen konpartsako jendea joan zen, jada bizimodua eginda zutelako Euskal Herrian, eta «arazo gutxiago» sortuko zutelako.

Dena den, Larunbek azaldu duenez, «guztiek sinatu zuten dokumentu bat. Hitzematen zuten ez zirela deserriratuko eta ez zutela lanik bilatuko». Azkaratek gaurko egoerarekin alderatu du bizi izan zutena: «Orain, errefuxiatuez hainbeste hitz egiten dela... Mentxuren [Etxaniz] anaia Ipar Amerikara joan zen artzain. Eta, duela lau egun, Frantziara joaten ziren mahatsa biltzera. Jendeak memoria ahula du».

Mundu osoko jendea bildu zen ferian, eta Espainia ordezkatzera, Euskal Herriaz gain, Ciudad Real eta Zaragoza ere joan ziren. Ofizialtasunak ofizialtasun, ondo gogoan du Azkonak Espainiako ereserkia kantatzerakoan igarotako unea. «Jendea ezkutatu egin zen. Otarreetan eta kartoizko kaxetan gorde ziren batzuk. Gu joan ginen, baina ez genuen arrastorik ere. Errezatu-edo egingo genuen tarte horretan».

Bidaia hartan, lehen aldiz igo ziren hegazkin batera hiru dantzariak. Ez zuten bidaldi ederra izan. Ekaitza tokatu zitzaien pare-parean, eta ondorioz, ezin ziren lurreratu. «Han ibili ginen buelta eta buelta...», dio Azkonak. Bidaiari gehienak zorabiatu egin ziren, eta oka egin zuenik ere bazen tartean, hegazkina gora eta behera mugitzen zelako. Orduan, Quebecera joan zen haien hegazkina, Montrealgo aireportuan lurreratzeko. Ekaitza baretu zenean iritsi ziren, azkenean, New Yorkera. «Beldurgarria izan zen», azaldu du Etxanizek.

Arrazakeriak haien bidaian izan zituen eraginak oroitu ditu Azkaratek. New Yorkera iritsi orduko jarri zieten enbaxadako norbait ingelesarekin laguntzeko eta aholkuak emateko. Tartean, Harlem auzora joatea debekatu zieten dantzariei, beltz gehienak han biltzen zirelako. Azkarate eta lagun batzuk joan egin ziren, dena den. «Behin New Yorkeraino joanda, nola ez ginen Harlemera joango?». Errieta entzun behar izan zuten gero. Haren arabera, azal kolore ilunekoak, lan prekarioetan aritzen ziren: «Amerikarrek egin nahi ez zituzten lanak egiten zituzten beltzek: kaleak garbitu, igogailuetako lana...».

Horrek baino atentzio handiagoa eman zion konturik ere badu buruan Azkaratek. «Gauza bat grabatua dut buruan. Gizon bat metroan hankak luza-luza eginda zihoan, eta beste gizon bat zetorren; itsua zen. Ez zituen hankak kendu, eta itsua erori egin zen. Gizona mugitu ere ez zen egin laguntzera». Etxanizi ere kontu berak eman zion atentzioa. «AEBetan jendea pasatzen zen, eta eror zintezkeen, baina ez ziren kezkatzen. Oso hotzak iruditu zitzaizkidan».

Batetik bestera

Bidaia bat baino gehiago egindakoa da dantza taldea; besteak beste, Frantziara eta Italiara joandakoak dira. Beti egin ohi zuten moduan, AEBetan ere, dantzarako ez ezik, hainbat txoko bisitatzeko aprobetxatu zuten bidaia: besteak beste, Askatasunaren estatua ikusi zuten.

Bidaiaren gastuak osorik ordaintzen zizkieten beti, baina, horrez gain, inoiz ez zuten ezer kobratzen. New Yorkeko kasua berezia izan zen, ordea. Aparteko ordainsaria eman zien, eta diru harekin janaria ordaintzen zuten. Dirua ere sobratu zitzaien, eta iratzargailuak erosi zituzten , Euskal Herrira oraindik ez zirelako iritsi. «Baina hemen ez zuten funtzionatzen. Hertzak-edo ezberdinak zirelako», dio Etxanizek barrez.

Esperientzia bat bai eta bestea ere bai probatzen pasatu zitzaizkien egunak, nahi baino bizkorrago. Hango etxe orratzen altueraz harritu, metroan lehen aldiz ibili, ozeanoa gurutzatu, ingelesez hitz batzuk esaten ikasi... «Baina 22 urte besterik ez genuen, eta ez ginen ohartzen gauzen garrantziaz», azaldu du Azkonak. «Oso garrantzitsuak izan ginen garai hartan», gaineratu du barrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.