Betiko banaketa:

Araba ð Gorabehera handirik ez da izaten Araban lau diputatuen banaketan: PSE-EEk, PPk eta EAJk bana ziurtatua dute, eta irabazleak bi eramango ditu.

Imanol Murua Uria.
2008ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Jarleku banaketa beti berdina izan da Araban 1977tik, Gorte konstituziogileak aukeratzeko hauteskundeak egin zirenetik: bi jarleku irabazlearentzat eta bana beste bi alderdientzat. Ez da salbuespenik izan orain arteko bederatzi hauteskundeetan: bi jarleku eskuin espainiarzalearentzat -UCD lehen, PP gero- edo PSErentzat, bakarra bi horien arteko galtzailearentzat, eta beste bat EAJrentzat. Hego Euskal Herrian lau barrutietan ez dago halako beste kasurik, ez dago bederatzi hauteskundeotan ordezkari kopuru bera lortu duenik, salbuespenik gabe: EAJk, 1977tik beti, diputatu bat lortu du Araban, ez gehiago ez gutxiago. Gainerako alderdiek ez dute sekula Araban ordezkaritzarik lortu.

Araban beti bete den beste arau bat: Espainiako Gobernuan agintea lortzen duena Araban ere lehen indarra izan ohi da eta, beraz, bi diputatu lortzen ditu. Lehenengo bi hauteskundeetan UCD nagusitu zen Araban -Adolfo Suarez gobernuburu-, hurrengo lau hauteskundeetan PSEk eraman zituen bi diputatu -Felipe Gonzalez agintean-, Jose Maria Aznarren agintaldiko bi bozaldietan PP izan zen nagusi Araban, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero nagusitu zenean, PSE-EE lehenengo indarra berriro Araban.

Datorren martxoaren 9an betiko legea betetzea ez litzateke batere harritzekoa izango. Banaketa betikoa izango da: irabazleak bi, beste biek bana. Iazko foru hauteskundeetan hiru alderdiak oso parean gelditu zirenez -40.000 botoren mugan hirurak-, joeragatik oso litekeena da Espainian nagusitzen dena Araban ere goitik gelditzea. Inkesta gehienek diotenez, PSE-EEk lortuko ditu bi diputatu horiek. Eta oso litekeena EAJk, konparazioan, foru bozetan baino boto gutxiago lortzea oraingoan eta, hauteskunde molde hauetan gertatu ohi zaion legez, hirugarren indarra izatea berriro.

Ondorioz, ustekabe harrigarririk ez bada behintzat, Ramon Jauregi (PSE-EE), Alfonso Alonso (PP) eta Emilio Olabarria (EAJ) diputatu izango dira Espainiako Kongresuan, Arabaren izenean, eta laugarren diputatua Pilar Unzalu (PSE-EE), Maria Eugenia Martin Mendizabal (PP) edo, aukera txikiagoarekin, Nerea Antia (EAJ) izango den besterik ez dago ikusteko.

Beste alderdiak? Emaitzak asko hobetu beharko lituzkete, lehian sartzeko. Duela lau urte, jarlekua lortzeko gutxienez 28.000 behar ziren, eta 14.200 lortu zituen EBk, 7.800 EAk eta3.400 Aralarrek.

Ezker abertzaleak bultzatutako abstentzio aktiboaren eragina neurtzea zaila izango da, abstentzioaren aldagaiak ugariak baitira, eta aurreko hauteskundeetako erreferentziak gorabeheratsuak dira: 1996an, HB aurkeztu zen azken bozetan, abstentzioa %27koa izan zen Araban; 2000an, EHk abstentziorako deia egin zuenean, %29koa; eta 2004an, ezker abertzaleak autodeterminazioaren aldeko botopapera ematea proposatu zuenean, abstentzioa %22koa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.