Bi akusatuei egotzitako sutea ez zen gertatu, defentsak dioenez

Kukutza husterakoan desordena publikoak egin izana egotzita, hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du fiskalak

Udaletxetik epaitegira kalejira egin zuten, akusatuei elkartasuna adieraziz. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Kukutza gaztetxea hustu zuten egunean edukiontzi bat erretzeaz akusatutako bi ikasle alemaniarren absoluzioa eskatu zuen atzo defentsa abokatuak, «egozten zaiena ez zelako gertatu». Hori frogatzeko, Bilboko suhiltzaileek irailaren 21eanErrekalde auzoan egindako esku hartzeen txostena hartu zuen oinarri: Ertzaintzaren arabera, 18:15ean ikusi zituzten gazteok zaborrontzi bati su ematen Gordoniz kalean, baina suhiltzaileek itzali zuten lehen sutea 19:20ean gertatu zen, Diaz Emparanza kalean. Bilboko Udalaren agiri batek adierazi zuen Gordonizen bi edukiontzi erre zituztela, baina ertzainek esandako lekutik 200 metro ingurura, eta 22:15ean, gazteak atxilotu ostean.

Hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak akusatu bakoitzarentzat, desordena publikoak eta kalteak leporatuta. Bi aldeen arteko bertsioak bat ez zetozela-eta, sinesgarritasuna ertzainei ematearen alde agertu zen fiskala. Arratsalde hartan Errekalden uniformerik gabe jardundako bi ertzainek deklaratu zuten akusatuak ikusi egin zituztela edukiontziak mugitzen eta erretzen, eta jarraitu egin zietela, atxilotu zituzten arte. Hala ere, bi poliziak ez ziren bat etorri jarraipenaren iraupenean —polizia txostenaren arabera, 22:00etan atzeman zituzten, baina batek esan zuen ordubete baino gutxiago behar izan zutela—.

Akusatuek ukatu egin zuten zaborrontziak erre izana. Azaldu zuten arratsalde hartako kontzertuetara joan zirela Errekaldera, eta autora itzultzean atxilotu zituztela. Defentsak azaldu zuen egun hartako atxiloketa guztiak ertzain uniformatuek egin zituztela, bi gazteona izan ezik.

Frogen inguruko zalantzak ere agertu zituen abokatuak; aurkeztu ez zirenen inguruan, hain zuzen. «Instrukzioa nahiko urria izan da frogen alorrean». Esaterako, atxilotzeko unean akusatuek jantzitako arropak ez dira froga gisa ageri, nahiz eta ertzainak horiei buruz mintzatu. «Ikuspegi juridikotik, zuzena litzateke arropa horiez ez hitz egitea, ez direlako existitzen», esan zuen abokatuak.

Epaitutako gazteei babesa adierazteko, dozenaka lagun gerturatu ziren Bizkaiko Lurralde Auzitegira atzo goizean. Udaletxetik kalejiran joan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.