Bi aste eman dizkie Auzitegi Gorenak 'herriko tabernei' alegazioak aurkez ditzaten

SAri emandako diruen berri azal dezala eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Erredakzioa
2007ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko 61. sala bereziak, Batasuna legez kanpo uztea erabaki zuenak hain zuzen, herriko tabernak talde abertzalearen ondare diren edo ez erabakitzeko batzarra egin zuen atzo. Erabakia hartu aurretik, bi asteko epea zabaldu du herriko taberna eta elkarteetako ordezkariek, nahi izanez gero, euren alegazioak aurkezteko.

Abenduaren 5ean azkenengo aldiz bildu eta gero, Areto Bereziak auziari berriz ekin zion atzo. Abenduan salak ez zuen erabakirik hartu eta batzarra atzeratzea erabaki zuen, «gaiaren konplexutasuna eta bolumena» argudiatuta.

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Gorenari adierazi dioten moduan, kautelazko neurriak hartu aurretik «herriko tabernetako jabe modura agertzen diren zuzendari edo ordezkari guztiak entzun beharko lirateke». Eta hala erabaki zuen 61. Sala Bereziak, Francisco Jose Hernando presidentea buru zela.

Hortaz, hamabost eguneko epea dute herriko tabernetako ordezkariek alegazioak aurkezteko. Ohiko epea bost egunekoa izaten dela esan du Gorenak, «baina kasua konplexua denez eta informazio bolumen handia dagoenez, hamabost egunera igo dugu». Halaber,hamar eguneko epea izango dute orain arte agertu ez diren herriko tabernetako ordezkariek prokuradore eta abokatu batekin bertan azaltzeko. Horren arabera erabakiko dute gero Batasunaren ondasun diren edo ez, eta horren arabera ondasuna bahitu eta ixten dituzten edo ez.

Halaber, Gorenak Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, Izaskun Bilbaori, eskatu dio Sozialista Abertzaleak taldeari emandako diruaren berri emateko. 2003an agindu zuen Gorenak diru horiek ere bahitzea.



INBENTARIOA. Joan den urriaren 23ko autoan 61. Salak herriko tabernen ondasunen inbentarioa eskatu zuen. «Ondasun eta eskubide asko daude formalki elkarte kulturalei eta batzuetan merkataritza elkarteei badagokie ere errealitean Batasunari legozkiokeenak», zioen txostenak.

Horri helduta, Gorenak herrikoen ondasunen gainean «neurriak hartzea» ebatzi zuen. Dozenaka herriko tabernatara inbentarioa egitera bidali zituen Ertzaintza eta Guardia Zibila. Horretarako baimena eman zion batzorde judizial bati herriko tabernetan sartu eta «diru, ondasun higigai eta tresnen inbentarioa» egiteko. Aginduak inbentarioa egiteko baimena baino ematen ez zuen arren, zenbait herrikotatik materiala ere eraman zuten.

Fiskaltzari dagokionez, ez da ondasunak bahitzearen aldekoa, Batasunarekin harremana dutela «egiaztatzen» ez den bitartean bederen. Fiskaltzaren ustez, gaur egun ez dago «nahikoa froga» bi aldeen artean lotura dagoela egiaztatzeko. Estatuaren abokatuak, bestalde, ondasunak bahitu aurretik, talde abertzalearen eta herrikoen arteko lotura dagoen ikusteko «azterketa gehiago» egiteko eskatu zuen.

Goreneko Areto Bereziak 2003ko martxoko 23ko epaian erabaki zuen Batasuna, Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok legez kanporatzea. Orduan agindu zuen «ondasunen kitatze prozesua abiatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.