Pixkanaka bada ere, azken egunetan positibo kopurua apaltzen ari da Hegoaldean. Gaurko datuak dira horren erakusgarri: beste 792 positibo atzeman dituzte, duela bi aste baino %40 gutxiago, eta duela astebete baino %11 gutxiago. Ordea, ospitaleetako egoera bestelakoa da: etengabe gora ari da ospitaleetako arta behar duten gaixoen kopurua. Azken datuen arabera, 459 gaixo daude Osasunbideko eta Osakidetzako erietxeetan, eta bilakaera ez da ona: duela bi aste, abuztuaren 3an, 417 gaixo zeuden egoera horretan; hau da, hamabost egunean %10 handitu da gaixo kopurua ospitaleetan.
Birusaren hedapenari lurraldez lurralde erreparatuta, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 330. Positibo gutxiago atzeman dituzte gainerakoetan: Gipuzkoan, 186; Nafarroan, 151;, eta Araban, 104. Horietaz gain, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren 23 lagunek positibo eman dutela. Orotara, 8.405 proba egin zituzten atzo birusa atzemateko, eta %9,4k eman dute positibo.
Gaitzak jotakoak erietxeetara iristen ari dira. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, beste 65 eri sartu zituzten atzo Hegoaldeko ospitaleetan. Ospitaleratzeak areagotzearekin batera, gero eta gehiago dira gaitzak jota larri daudenak ere. Hain zuzen, 98 gaixo daude ZIUetan, duela bi aste baino %15 gehiago. Gainera, Nafarroako Gobernuak heriotza baten berri ere eman du, eta Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliar bat ere hil da.