Gaur 14:45ean leherketa handi bat izan da Ondarroako Santa Clara izotz enpresan. Egidazu kaian dago enpresa hori. Bizkaiko suhiltzaileek amoniakoarekin lotu dute leherketa, eta bi hildako daude: J.E. eta A.B. Beste langile bat desagertuta zegoela zabaldu da arratsalde hasieran, baina suhiltzaileek baztertu egin dute salbamendu lanak amaitu ondoren. Zazpi suhiltzaile sartu dira enpresa barrura, eta berretsi dute hildakoak bi baino ez direla.
Leherketa izan eta minutu gutxira heldu dira langileen senideak. Ertzaintzarekin hitz egin ostean, Gurutze Gorria egin da haien kargu. Ezinegona da nagusi portuan.
Ertzaintza leherketa gertatu den lekuan da oraindik. Fabrikarako bidean dauden ibilgailuak hortik kentzeko eskatu dute istripua gertatu eta gutxira, larrialdi zerbitzuak azkarrago iritsi ahal izateko. Bertan daudenen arabera, amoniako usaina dago enpresaren inguruetan. Suhiltzaileak isuriaren nondik norakoak ikertzen ari dira, eta lehenengo ondorioek diote konpresore bat lehertu dela, eta horrek eragin duela amoniako isuria. Isuria kontrolatuta dago. Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza-k jakinarazi duenez, gaur goizean galdarak garbitzen ibili dira izotz fabrikan. Dozena bat langilek dihardute Santa Clara enpresan.
Portuan bizi direnek jakinarazi dutenez, leherketa apartetik entzun da. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak kontatu duenez, 14:45ean deitu diote, portuan eztanda handi bat egon dela esanez. "Bi aldiz pentsatu barik etorri gara portura, eta izotz fabrikara sartzeko aukera eduki dugu; oso-oso gogorra izan da".
Biktimen senideak kofradia inguruetara hurbildu dira, eta bertan laguntza psikologikoa jaso dute batzuek. Bedialauneta ere portuan da, salbamendu lanak bertatik bertara ikusten. Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu sailburua ere, ondarroarra bera, istripu larria izan den ingurura bertaratu da. Hildako beharginetako bat LAB sindikatuko ordezkaria zen, sindikatuak berak esan duenez. "Osasuna galtzea edo lan istripua izatea ez da lanaren ezaugarri bat, baizik eta lan eredu jakin baten emaitza ankerra. Hau eragotz zitekeen. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen ondorio dira", esan du LABek ohar batean.
Ertzaintzak itxita dauzka oraindik enpresaren inguruak, segurtasunagatik.