Hiru eskiatzaile hil dira gaur goizean Formigalgo (Aragoi, Espainia) eski estazioan, elur-jausi batek azpian harrapatuta eskiatzen ari zirenean, eta haietatik bi donostiarrak direla esan du Guardia Zibilak. Hirugarrena Zaragozako (Espainia) bizilaguna da. Gizonezkoak dira hirurak.
Donostiar haietako batek 36 urte zituen (Daniel O.E.), besteak -Gasteizen bizi zen- 37 (Iñigo Enrique Z.G.). Zaragozako lagunak 32 urte zeuzkan (Miguel Angel Rodriguez). Azken hori eski estazioko langilea zen.
10:30ak aldera gertatu da ezbeharra. Hiru haiek eta bi emakumezko Anayet mendiaren inguruan zebiltzan eskiatzen, baina Formigalgo pistetatik kanpo, Guardia Zibilaren arabera. Argazki bat ateratzen ari zirela izan da elur-jausia. Francisco Bono eski guneko zuzendariak adierazi du azkeneko bi egunetan elur asko bota duela han eta elur-jausien arriskua zegoela.
Eskiatzaile bat 11:45 aldera erreskatatu dute, bigarrena 12:00ak aldera, eta geroago hirugarrena, hirurak hilda. Jacako (Espainia) ospitalera eraman dituzte, autopsia egiteko.
Formigalgo eski gunearen elkarte kudeatzaile Aramon-ek telefono zenbaki bat jarri du, istripuari buruzko informazioa emateko: 976 229 132.
Jende asko ibili da gaur goizean eskiatzen Formigalen, elur asko dagoelako eta eguraldi onagatik. Eskiatzeko 72 kilometroko ibilbidea dago han; 59 pista daude.
Ezbeharra
Bi donostiar eskiatzaile hil dira Espainian, elur-jausi baten ondorioz
Espainiar bizilagun lagun bat ere zendu da ezbehar berean, Formigalen, gaur goizean. Gizonezkoak dira hirurak, 32 eta 37 urte artekoak. Pistetatik kanpo zeuden, Guardia Zibilak esan duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu