Espetxeratzea

Bi euskal herritar espetxeratu dituzte, berriro, Quebecen

Espainiaren estradizio eskaera bat dela tarteko, Eduardo Plagaro eta Gorka Perea iheslari gasteiztarrak berriro kartzelatu zituzten asteazkenean Montrealean (Quebec), Riviere de Prairies espetxean. Lehenago, 2001eko ekainaren 5ean atxilotu eta kartzela berean sartu zituzten, eta bi urtez egon ziren preso. Iazko azaroaren 1etik orain arte baldintzapeko askatasunean izan dira Kanadako Justiziak Espainiaren estradizio eskaerari buruzko erabakia hartu zain.

2004ko abenduaren 17a
16:55
Entzun
Askatasuna erakundeak agertu duenez, 12.500 dolar ordaindu behar izan zituen gazteetako bakoitzak baldintzapeko askatasunean geratzeko, eta astean bi aldiz polizia etxera aurkeztu behar izaten dute beren burua. Baldintza horiek beti bete dituztela ziurtatu du Askatasunak, eta, beraz, orain berriro espetxean sartzeak ez duela ez hanka, ez bururik salatu du.

Gainera, Gorka Pereak istripu larria izan zuen ekainean, eta oraindik tratamenduan dago. Askatasunak zehaztu duenez, elektroshock-ak hartu behar izaten ditu oraindik, eta kezka agertu du uste baitu kartzelan ezingo duela tratamenduarekin jarraitu.

Nolanahi ere, bi gazteen defentsak Kanadako Auzitegi Gorenean helegitea jarriko du espetxeratzearen aurka. Halaber, euskal herritari biek intelektual, herri mugimendu eta politikari askoren babesa dutela azaldu du Askatasunak, eta, orain, berriz espetxeratu dituztela eta, manifestazioak eta tankera bereko ekintzak antolatu dituztela Montrealen.

Espainiako Justiziak kale erasoetan parte hartu izana egozten die Pereari eta Plagarori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.