LEHERKETA BAIONAN

Bi eztanda izan dira Baiona iparraldeko industrialde batean, eta bi pertsona hil dira

Herriko etxearen arabera, zazpi zauritu daude, baina ez larri. Goizeko hamaikak aldera izan da lehen leherketa, eta minutu gutxiren buruan bigarrena. Suhiltzaileek inguruko zahar etxe bat eta supermerkatu bat hustu dituzte. Auzapeza ere bertan da.

2016ko maiatzaren 12a
07:37
Entzun

Goizeko hamaikak aldera, bi leherketa izan dira Baiona iparraldeko Derichebourg enpresan, Hauts-de-Sainte-Croix auzoan; eztandek inguruko eraikinak ere hondatu dituzte. Herriko etxeak eta prefeturak berretsi dutenez, gutxienez bi hildako eragin dituzte. Zazpi lagun zauritu dira, eta erietxera eraman dituzte. Horiek, ordea, ez daude larri. Hildakoak Derichebourg enpresak azpikontratatutako enpresa batekoak dira.

Leherketen gunera joan dira larrialdi zerbitzuak, eta segurtasun indarrek 100 metroko segurtasun eremua ezarri dute, eta industrialderako sarrera-irteerak ere itxi dituzte. Horretaz gain, hustu egin dituzte leherketen gunetik gertu dauden haurtzaindegi bat, zahar etxe bat —zaurituetako hiru han zeuden— eta supermerkatu bat. Bertara joan dira Baionako auzapez Jean-Rene Etxegarai, fiskala eta fiskalordea.

Lehen informazioen arabera, txinparta batek erregai kamioi bat zartarazi du; eztanda horrek tentsio altuko kable bat askatu du, eta bigarren leherketa eragin.

Sud Ouest egunkariak zabaldu duenez, hiri guztian sentitu da leherketa. "Leherketa handi bat entzun dut; ate eta leihoek ere dardara egin dute", azaldu du lekuko batek. Tarnoze eta Baiona arteko zirkulazioan arazoak sortzen ari da ezbeharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.