Arabako hiriburuko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, asteburuan izan dira erasoak. Andagoia plazan izan zen lehena, larunbatean; emakumeak kolpe handia zuen aurpegian, baina udaltzainei esan zien ez zuela bikotekidea salatu nahi. Hala ere, kolpea agerikoa zela eta lekukoak bazeudela-eta, atxilotu egin zuten gizonezkoa. Osasun zentro batean artatu zuten emakumea.
Igandean izan zen beste erasoa. Lekuko batek udaltzainei ohartarazi zien bikotekideak eztabaidan aritu ondoren borrokan hasi zirela. Emakumeak poliziei azaldu zien gizonak aurpegian jo zuela. Gizonezkoa atxilo eraman zuten, eta emakumea erietxean artatu zuten.