Bi gazte atxilotu dituzte, ustez atentatu bat egitera zihoazela

Garikoitz Arruarte Santa Kruz 24 urteko hernaniarra Donostian atxilotu zuen Espainiako Poliziak, herenegun goizean; 25 urteko Gorka Loran Lafourkade, berriz, Hernanin atxilotu zuten, eguerdi partean

Agentziak
MADRIL
2003ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Hernaniko bi gazte atxilotu zituen, herenegun, eta egun horretan bertan atentatua egin nahi izatea leporatu die. 24 urteko Garikoitz Arruarte goizeko 08:00ak baino lehen atxilotu zuten, Donostian, eta 25 urteko Gorka Loran Hernanin atxilotu zuten, kalean, 11:30 inguruan. Irundik Madrilera zihoan Intercity trenean lehergailua jartzea eta atentatua egiten saiatzea leporatzen die Espainiako Barne Ministerioak, baita bezperan Zaragoza eta Altsasu arteko trenbidean lehergailua zartaraztea ere gauean egin zuen eztanda lehergailu batek trenbide horretan, Zaragozan.

Bestalde, atzo beste lehergailu bat aurkitu eta indargabetu zuen Espainiako Poliziak, Zaragoza eta Teruel arteko trenaren ibilbidean. Polizia iturrien arabera, atxilotuei egindako galdeketen bidez jakin zuten lehergailu horren berri. Poliziaren ustez, lau lehergailuak batera leherrarazi nahi zituzten, baina huts egin zuten.Atxiloketei buruz datu askorik ez dago, baina badirudi Arruarte izan zela Poliziak atxilotutako lehena. Angel Acebes Espainiako Barne ministroak atzo adierazi zuenez, hura atxilotzean jakin zuten «ETAk sarraskia eragin nahi zuela trenean». Azaldu zuenez, Arruarte Donostiako aparkaleku batean atxilotu zuten, «trenean lehergaia sartzea lortu aurretik». «28 kilo inguru titadine (dinamita) zeramatzan maleta batean, eztanda indartsuago egingo zuen lokarri leherrarazle bat, tenporizagailu bat, pistola, ileordea eta kamuflajerako hainbat gauza gehiago», esan zuen prentsaurrekoan. Treneko txartela ere bazuela dio Acebesek. Polizia iturrien arabera, bi atxilotuek erosi zuten txartela, «trenera igotzean susmorik ez pizteko», baina ez zuten asmorik bidaia trenean egiteko.

Berriak jakin duenez, bestalde, Arruarte ez zuten bere etxea miatzera eraman 18:00ak inguru arte. Ordu horretan Espainiako Poliziak miaketa egin zuen, eta Hernaniko kaleak poliziaz beteta zeuden. Acebesen arabera, etxe hori eta beste hiru ere miatu zituzten, nahiz eta ez duten zehaztu zer aurkitu duten.Acebesen esanetan, Arruarte atxilotzerakoan jakin zuten Madrilera zihoan trena ETAren jomuga zela, eta trenean lehergaiz betetako beste maleta bat jarri zutela. Hala, eguerdi partean trena Burgosko geltokian geldiarazi zuten, bidaiariak jaitsarazi eta lehergailua indargabetzeko. Ordu berean, trenean lehergailua sartzea lortu zuen bigarren pertsona atxilotu zutela azaldu zuen Acebesek, Gorka Loran. Hernanin atxilotu zuten Loran. Artean, trenak Burgosko geltokian jarraitu zuen, artezilariek lehergailua aurkitu eta indargabetu arte. Bidaiariak autobusez eraman zituzten Madrilera.Barne ministroak esan zuenez, «talde terroristaren helburu ankerra Gabon egunean Chamartin geltokian sarraskia eragitea zen, arratsaldeko 16:00etan jendez beteta egongo zela jakinda». Aipatu behar da, baina, trenak ordubete lehenago zela iristekoa Madrila, 15:00ak inguruan. Renfeko arduradunen arabera, 16:00etarako trena hutsik egongo zen, Fuencarralgo kotxetegian.Hainbat alderdik Espainiako Polizia «zoriondu» zuten atzo. PPko Leopoldo Barredak eta PSE-EEko Rodolfo Aresek bat egin zuten esatean Poliziak «sarraski handi bat saihestu» zuela, eta PPkoak gaineratu zuen gertatutakoak «su-etenerako aukera baztertzen» duela. EAJko Iñaki Anasagastik Batasunari exijitu zion ETAri «betirako gelditu dadila eskatzeko»; eta EB-IUko Juan Sanchez Vallejok ETA armak uzteko eta elkarrizketatzeko beharra aipatu zuen.

-

ATXILOKETA SAIOA LANDETAN



Lauzpabost lagun ihesean, jendarmeekin topo egitean



«Susmagarriak» zirelakoan, Landetako Dax herrian lauzpabot laguni identifikazioa eskatu zieten jendarmeek iragan astearte arratsean, eta Frantziako iturri polizialen arabera, guztiek ihes egin zuten aldamenean zituzten bi autotan. Berri agentziek zabaldu dutenez, baina, ihesean auto bat bertan utzi behar izan zuten, eta ETArenak diren agiriak aurkitu dituzte bertan.

Horien artean, erakunde armatuari buruzko agiriak daudela zabaldu dute polizia iturriek, eta Hego Euskal Herriko enpresaburuei zuzendutako 200 gutun inguru ere atzeman dituztela diote. Gutun horietan iraultza zerga delakoa eskatzen omen dute.Astearte iluntzean gertatutakoari buruz, berri agentziek diote jendarmeei «susmagarria» iruditu zitzaiela lauzpabost lagun mendiko bide batean eta hiru autoren ondoan elkarrizketan aritzea. Hala, haiengana joan eta identifikatzeko eskatu zietenean, pertsona horiek ihes egin zutela esan dute. Haien bila dabiltza oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.