Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen atzo Bilbon eta Basaurin (Bizkaia), bikotekidea eta bikotekide ohia jotzea eta mehatxatzea leporatuta.
Atzo, 07:00ak aldera, Ertzaintzak emakumezko baten deia jaso zuen, Bilboko Uribarri auzoko etxebizitza batean haren bikotekideak eraso egin ziola esanez. Emakumezkoak salatu zuen ezpainetan ukabilkada eman ziola, eta lepotik heldu zuela. 2010. urte amaieratik erasoak jasaten dituela esan du ustezko biktimak. Etxebizitzan atxilotu zuten gizonezkoa.
Basaurin atzo arratsaldean 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekide ohiari heriotza mehatxuak egitea egotzita. Ustezko biktimaren arabera, biek duten alaba bisitatzera joaten den bakoitzean mehatxatzen du gizonezkoak.