Azken orduetan 26 eta 28 urteko bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Bilbon, genero indarkeria leporatuta. Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, 28 urteko gizona atzo goizaldean atzeman zuten, San Frantzisko auzoko etxebizitza batean. Iturri beraren arabera, kolpeak eman zizkion bikotekide ohiari —urruntze agindua zuen—.
Emakumeak salatu zuen gizona haren etxera joan zela, eta han kolpatu eta bultza egin ziola. Neskak salatu zuen ez dela eraso egiten dion lehen aldia. Basurtuko ospitalera eraman zuten.
26 urteko gaztea atzo arratsaldean atxilotu zuten. Ustezko erasoa Ametzola auzoko etxebizitza batean izan zen. Ustezko biktimak salatu zuen bikotekideak eraso egin ziola, eta gaineratu zuen elkarrekin bizitzen ari direnetik hainbatetan egin diola eraso. Sei hilabeteko haurdun dago emakumea, eta Basurtuko ospitalean artatu zuten.