Emakumeen aurkako indarkeria

Bi gizon atxilotu dituzte Bizkaian bikotekideari eraso egitea egotzita

Basaurin bata eta Portugaleten bestea. Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu gaur eta bikotekidea jotzea leporatzen diete biei. Atxilotuetako batek 37 urte ditu, besteak berriz 42.

2006ko azaroaren 1a
17:10
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez bi gizon atxilotu dituzte gaur Bizkaian, ustez euren bikotekideei eraso egiteagatik.

Lehen atxiloketa Basaurin izan da. Antza denez, gauerdia jota bikotekide ohiarengana hurbildu zen erasotzailea. Ertzaintzak azaldu duenez, iraindu egin zuen eta ia lurrera bota arte jipoitu. Emakumeak salaketa jarri zuen eta etxera itzuli zenean ustezko erasotzailea etxeko atarian zegoen atea astintzen. Inguruan zebilen patruila batek atxilotu egin zuen 42 urteko gizonezkoa.

Bi ordu geroago, beste gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Etxebizitza batean egiten ari ziren jai batean, bikotekidea jotzea leporatzen diote. Ertzaintzako kideak erasoa gertatu zen lekura iritsi zirenean, anbulantzia batekin egin zuten topo. Erasotua izan zen emakumea artatzen ari ziren bertan; kolpeak zituen sudurrean eta masailean. Ertzaintzaren datuen arabera, erasotzaileak burutik heldu zuen emakumea eta hormaren aurka kolpatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.