Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, neska-laguna jo duela egotzita. Horrez gain, leihotik botatzeko mehatxu egin dio, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak dioenez.
Atzo izan zen ustezko erasoa, goizeko zazpi eta laurdenean, biek Txagorritxu auzoan duten etxean. Bizilagun batek eman zien abisua ertzainei. Biktimak baieztatu zien bikotekideak jo egin zuela.
Irunen beste gizon bat atzeman du Ertzaintzak, 24 urtekoa, honek ere neska-laguna jo duelakoan. 4:30ak aldera izan da gertaera, Colon pasealekuan. Emakumeari laguntzera joandako bi lagun ere jo ditu ustez.