Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo, Irunen (Gipuzkoa), bikotekideei tratu txarrak ematea leporatuta. Goizaldean, 33 urteko gizon bat atzeman zuten. Herritar batzuek emakume bat aurkitu zuten, oihuka eta laguntza eske. Azaldu zienez, bikotekidea segika zuen. Etxera lagundu, eta Ertzaintzara eman zuten abisua. Ertzainak ustezko erasotzailearen bila hasi ziren, baina hura joan zen polizia etxera, eta genero indarkeria delitu bat egin zuela onartu.
Ondoren, beste gizon bat atxilotu zuten, ustez bikotekidea etxean jotzeagatik. Biktimak ihes egitea lortu zuen, eta salaketa jarri zuen. Ertzainek, bikotearen etxera joan, eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Gasteizen 34 urteko gizon bat atzeman zuten ostiralean bikotekideari eraso egitea leporatuta, Gasteizko Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez. Gainera, autoarekin istripu bat eragitea ere egozten diote, ihes egiten ari zenean.
Ustezko erasoa bikotearen etxebizitzan izan zen lehenik, eta Ariznabarra auzoko eskola bateko jolastokian ondoren. Lekukoek deitu zuten Udaltzaingora.
Jolastokian egon ondoren, auto hartuta ihes egin zuen gizonak. Beste auto baten aurka talka egin zuen, eta hainbat arau-hauste ere leporatzen dizkiote.