Guardia Zibilak bi gizonezko atxilotu ditu Nafarroan, emakume bati sexu erasoa egin diotela leporatuta. Andreari zauriak egitea eta haren etxebizitzan indarkeriaz lapurreta egitea ere egotzi diete 29 eta 32 urteko bi atxilotuei. Guardia Zibilak jakinarazi du erasoa iazko urrian gertatu zela. Emakumeak bortxatu egin zutela salatu zuenean hasi ziren erasotzaileen bila.
Emakumeak Poliziari adierazi zionez, ezagun bat etxera gonbidatu zuen, eta hura beste lagun batekin agertu zen. Etxean, puntzoi batekin mehatxu egin zioten emakumeari, eta sexu erasoa egin zioten; ondorioz, zauriak eragin zizkioten. Etxean lapurreta ere gin zioten ustezko erasotzaileek: telebista, sakelako telefono bat eta urrezko eskumuturreko bat.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, bestalde, bi gazteri hamaika eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri die, 2010ean Bilboko Errekalde auzoan 15 urteko adingabe bati sexualki erasotzea egotzita. Neskatoari sexu ukituak egiten zizkioten bitartean, bizar xafla batekin 65 zauri egin zizkioten gorputz osoan. Hori dela eta, lesioak eragitea ere leporatu diete bi akusatuei. Kartzela zigorra bete behar izateaz gain, biktimari 22.000 euro ordaindu beharko dizkiote eragindako kalteengatik. Erasotzaileak 2010eko abenduaz geroztik preso daude —Ertzaintzak erasoa gertatu eta hiru astera atxilotu zituen—. Hain justu, 2010eko abenduaren 1ean gertatu zen erasoa,Errekalde auzoan.Hizkuntza eskolara zihoala, atzetik eraso egin zioten adingabeari bi ezezagunek; arropa kenarazi zioten, eta bizar xafla batekin bularrean, bizkarrean eta besoetan zauriak egin zizkioten.
Epaiaren arabera, neskatoaren lekukotasuna «sinesgarria eta koherentea» izan zen; ustezko erasotzaileak «zalantzarik gabe» ezagutu zituen. Akusatuen adierazpenek, berriz, «kontraesan ugari» zituzten.
Donostian, 16 sexu eraso iaz
Donostiako Udalak atzo plazaratu zituen datuen arabera, 2011n Donostiako gizarte zerbitzuek hamasei emakume artatu zituzten sexu erasoengatik. Genero indarkeria kasuen ondorioz, guztira 171 emakumeri eman zieten zerbitzua. Jon Albizu Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, jaso zituzten laguntza eskaeren % 71 emakumeek egin zituzten. Denera, 2.557eskaera jaso zituzten iaz Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuek, duela bi urte baino %1,6 gutxiago.
Bi gizon atxilotu dituzte Nafarroan, andre bat bortxatu dutelakoan
Bi gazteri hamaika eta hamabi urteko zigorra ezarri diete, 2010ean Bilbon adingabe bati eraso egin ziotelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu