Bi gizon atxilotu zituen atzo Ertzaintzak, bikotekideei eraso egitea egotzita. Elgoibarren (Gipuzkoa), abisu bat jaso zuten ertzainek, etxebizitza batean bikote bat liskarrean ari zela-eta. Etxera joan eta emakumeak aurpegian kolpe ugari zituela ikusi zuten poliziak. Sudurrean eta ezpainean zituen zauriak. Andreak esan zien bere bikotekideak jo zuela. Gizonak 27 urte ditu, eta atxilo eraman zuten. Emakumea Mendaroko erietxera eraman zuten.
Sestaon gertatu zen beste erasoa, eguerdi aldera. Bikotekidea oldartu zitzaiola eta ukabilkada ugari eman zizkiola salatu zuen andre batek. Arropa hautsita zuen, eta kolpeak ere bazituen lepoan, bularrean eta hanketan. Sestaoko erietxera eraman zuten. Ertzainek etxean bertan atxilotu zuten gizona, 40 urtekoa.