GENERO INDARKERIA

Bi gizon atzeman dituzte, bikotekideak jotzea egotzita

Getxon gertatu da erasoetako bat, eta Gasteizen bestea; atxilotu batek 30 urte ditu, eta besteak, 34.

2014ko martxoaren 24a
10:32
Entzun

Getxoko Udaltzaingoak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean, bikotekidea botila batekin aurpegian zauritzea egotzita. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, 02:00 aldera atzeman du Poliziak gizonezkoa. 

Udaltzainek ikusi dute taberna baten kanpoaldean jende ugari biltzen ari zela, eta bertara joan dira. Hainbat lekukorekin hitz egin eta gero, 30 urteko gizonezko hori atxilo hartu dute, bikotekidearekin eztabaidan ari zela hormaren kontra bultzatu eta aurpegian zauritzea leporatuta.

Gurutzetako erietxera eraman dute biktima. Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak erasoa salatu du, eta oroitarazi indarkeria sexista "giza eskubideen urraketa larria" dela. Halaber, tratu txar fisiko nahiz psikologikoak erasaten dituzten andreei dei egin die udaleko gizarte zerbitzuekin, Udaltzaingoarekin edota Ertzaintzarekin harremanetan jar daitezen.

Eztabaidan ari zirela jo zuen bikotekidea Gasteizko atxilotuak —34 urteko gizonezkoa—. Udaltzaingoak atxilotu zuen, atzo, 10:30ak inguruan, jakinarazi dutenez. Udaltzainek bikote bat eztabaidan ari zelako deia jaso zuten; bertara joan zirenean, biekin hitz egin zuten, eta genero indarkeriagatik atxilotu zuten gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.