Lau gizonezko atzeman ditu azken orduetan Gasteizko Udaltzaingoak, genero indarkeriari lotutako delituak egitea egotzita. Abenduaren 31n goizeko hamarrak aldera, 35 urteko gizonezko bat hartu zuten atxilo udaltzainek Viena kalean, bikotekideari eraso egin ziolakoan. Emakumeak poliziei eman zien abisua, eta esan zien gizonak jo zuela. Gizona atxilotu eta andrea erietxera eraman zuten.
Hilaren 30ean, berriz, 38 urteko gizon bat atzeman zuten, delitu bera leporatuta. Goizaldeko laurak aldera jaso zuten dei bat udaltzainek, gizon-emakume batzuk eztabaidan ari zirela eta gizonak andrea jo zuela ohartarazita. Emakumeak ez zuen gizona salatu nahi izan, baina atxilo eraman zuten.
Gainera, beste bi gizon atxilotu zituen atzo Udaltzaingoak, urruntze aginduak urratu zituztelakoan. 10:15ean atzeman zuten bat, Arriagako atean. Udaltzainak zirkulazio arau hauste bat zigortzera zihoazen, baina autoa ez zen geratu. Hari segika aritu ziren poliziak, eta ibilgailua geratu zenean frogatu zuten autoan zegoen gizonezkoak gidatzen zihoan emakumearengandik urruntzeko agindua zuela.
Atzo bertan, 13:00 aldera, 35 urteko gizon bat atzeman zuten Julian de Apraiz kalean, hari ere urruntze agindua urratzea egotzita. Emakumeak ohartarazi zien poliziei hura zegoen saltoki berean zegoela bere bikotekide ohia.