Bi gizon eta neskato bat hil dira itota Gipuzkoako eta Lapurdiko hondartzetan

Donostian eta Bidarten izan dira ezbeharrak; bi gizonak baimendu gabeko tokietan ari ziren igerian

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Beltza izan zen herenegun arratsaldea Euskal Herriko hondartzetan, hiru pertsona hil baitziren itota. Donostiako Kontxako hondartzan 14 urteko neskato bat zendu zen. Beste bi ezbeharrakBidarteko Ilbaritz eta Uhabia hondartzetan (Lapurdi) izan ziren, eta bi gizon hil ziren. Hildakoek 30 eta 61 urte zituzten. Bidarteko larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute itsasoko urak lasai egon arren korronteen indarra handia izan zela eta litekeela zela horien ondorioz hil izana bi gizonak.

16:30 inguruan, Ilbaritz hondartzako hegoaldean 61 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, itota. Sorosleak hara joan, eta gizona bere onera ekartzen saiatu ziren. Baina ez zuten lortu. Lekukoek azaldutakoaren arabera, gizona baimendu gabeko gune batean ari zen igeri egiten, hondartzatik hurbil dagoen gazteluaren parean. Hildakoa Mont de Marsangoa (Frantzia) zen. Baina ez dute argitu Bidarten bizi zen edo oporretan zegoen. Ordubete geroago, 17:30 inguruan, beste gorpu bat agertu zen, Uhabia hondartzan. Osasun zerbitzuetako nahiz larrialdietako kideak hara joan arren, ez zuten lortu 30 urteko gizona suspertzea. Baimendu gabeko eremu batean zebilen igerian, jakinarazi dutenez.

Bi hondartzetako larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, itsasgora 14:30ean izan zen. Beraz, marea jaisten ari zen. Itsasoa bare zegoen, olatu apur batzuekin. Baina barne korronteek indar dezente zuten, eta oraindik nola zendu ziren argitu ez arren, litekeena da horiei aurre egin ezinda hil izana.

14 urteko neskatoa

Donostiako Kontxako hondartzan, berriz, 14 urteko neska bat hil zen. 18:30 aldera neska talde bat Klub Nautiko inguruko gabarroira joan zen igerian. Inguru hartan jende asko zebilenez, neskek itzultzea erabaki zuten. Baina hondartzara iristean konturatu ziren lagunetako bat falta zela. Nesketako baten gurasoak hondartzan ziren, eta, beraz, haiei jakinarazi zieten zer gertatzen zen. Berriro gabarroira itzuli ziren, eta bi orduz galdutako neskatoaren bila ibili ziren. Baina ez zuten lortu. Hala, 20:30 aldera Gurutze Gorriko sorosleei eman zieten abisua.

Jaurlaritzako LarrialdietakoZerbitzuko talde batek gidatuta, neskatoaren bilaketa eta erreskate lanak hasi zituzten. Ez zen erraza izan, ur azpian gutxi ikusten baitzen. Ertzaintzaren helikoptero bat ere aritu zen bila. Donostiako Udaleko Mugikortasun zinegotzi Jon Albisu eta suhiltzaileen ordezkaritza bat ere joan ziren laguntza ematera. Azkenean, 21:30 aldera topatu zuten neskatoa, sei metro inguruko sakoneran.

Erreskatatu ondoren, bere onera ekartzen ahalegindu ziren osasun zerbitzuak, baina ordurako hilda zegoen. Gorpua autopsia egitera eraman zuten.

2.373 pertsona artatu dituzte

Ekainean eta uztailean hondartzetan zenbat pertsona artatu dituzten jakinarazi du Gipuzkoako Gurutze Gorriak. 2.373 izan dira, iaz baino 667 gutxiago. Batik bat zauri eta ebakien ondorioz egin diete kasu, eta, ondoren, marmoka eta intsektuen ziztadengatik. Uretatik 103 lagun erreskatatu dituzte.

Sorosleen aginduak aintzat hartzeko eskatu die Gurutze Gorriak herritarrei. Marmokaren batek ziztatuz gero, berriz, egokiena sorosleengana jotzea dela ohartarazi dute, eta bestela ziztadak mindutako lekua ur gaziarekin garbitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.