Ertzaintzak atzo Donostian 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuela jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak. Gazteari, bere bikotekidea jo izana leporatu diote.
Jakitera eman dutenez, erasoa igandean gertatu zen, goizaldeko laurak aldera, bikoteak partekatzen duen etxebizitzan. Itxura batean, gizonezkoa etxera iritsi zenean emakumeari jotzen hasi zitzaion. Honek beste pertsona baten laguntzaz mutilarengandik ihes egin eta etxebizitzako beste logela batean gotortzea lortu zuen. Azkenik, senide batzuek handik ateratzen lagundu zioten, eta erietxera lagundu zuten gero.
Ospitalean artatzen ari zirela izan zuen Ertzaintzak gertatutakoaren berri, eta haraino gerturatu ziren ertzainak. Medikuek artatzea bukatu zutenean, polizia etxera eraman zuten emakumea, eta honek han jarri zuen salaketa mutil-lagunaren kontra.
Ustezko erasotzailea atzo goizeko zortzietan atxilotu zuten, haren senide baten etxean, eta polizia etxera atxilotuta eraman zuten. Gero epailearen aurrera eraman zuten.
Galdakaon (Bizkaia) beste gizonezko bat atzeman du bertako Udaltzaingoak, 30 urtekoa (J.I.P.V.), neska-laguna jo egin duelako ustez. Larunbat gauean atxilotu zuten, eta neskaren mutil-lagunari heriotz mehatxua egitea ere egotzi diote.
Atxilotuak emakumezkoarekiko urruntze agindua hautsi zuen, udaltzainen arabera.
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi gizonezko atxilotu dituzte Donostian eta Galdakaon, emakumeen aurkako indarkeria egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu