Joan den azaroan hasi zuen ikerketa Ertzaintzak, Gasteizko instrukzio epaitegiak aginduta, eta astelehenean atxilotu zituzten bi gizonezkoak: bat Gasteizen atzeman zuen Ertzaintzak, eta bestea, Madrilen, Guardia Zibilak. Aske daude, hamabostean behin epaitegira joateko aginduarekin, eta biktimarengana gerturatzeko debekuarekin.
2006an dute jatorria gertaerek, Ertzaintzaren arabera. Ekuatore Gineako emakumezko batek Espainian gizonezko batekin ezkontzeko eskaintza jaso zuen, hura ere guinear jatorrikoa eta bere adin beretsukoa izango zela esan zioten. Eskaintza onartu zuen eta beharrezko ziren agiri guztiak entregatu zituen.
Madrilera joan zen, eta han aurkitu zituen berarekin ezkontzekoa zen gizona, haren anaia eta emakumezko. Gizonezkoa esandako baino dezente zaharragoa zela ikusi zuen. Pasaportea kendu zioten, mehatxuka, eta harekin ezkontzeko konpromisoa hartzera behartu. Konpromisoa hausten bazuen, Ginean gelditu ziren familiarrek ordainduko zutela esan zioten, gainera.
Agiri faltsuak eman zizkioten, eta etxeko lanak egitera zein prostituitzera behartu zuten. Gizonezkoek, gainera, jo eta sexu erasoak egin zizkioten.
Gero Gasteizera ekarri zuten, han erroldatu eta diru laguntzak jasotzeko asmoz. Handik aurrera, Madrilen eta Gasteizen, bietan esplotatu zuten.