Emakumeen aurkako indarkeria

Bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei eraso dietelakoan

Azken orduetan bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen, emazteei erasotzea leporatuta. Larunbatean, 50 urteko gizon bat hartu zuten atxilo udaltzainek, eta bart goizaldean, berriz, 25 urteko beste bat atxilotu du Ertzaintzak. Larunbateko kasuan, gizonak deitu zien udaltzainei emazteak tratu txarrak berari ematen zizkiola salatzeko. Behin etxera iritsitakoan, ordea, alderantziz zela ohartu ziren. Bart goizaldean atxilotu duten gizonezkoari, berriz, emazte ohiari labana jaurtitzea eta hiltzeko mehatxua egitea leporatzen diote.

2006ko urtarrilaren 9a
12:17
Entzun
Joan den larunbat gauean, hamarrak baino zertxobait lehenago, gizonezko baten deia jaso zuen Gasteizko Udaltzaingoak: emazteak tratu txarrak ematen zizkiola esan zien. Gizonak esandako helbidera iritsi zirenean, jatekoa eta ontziak lurrean botata aurkitu zituzten, antza denez, eztabaida baten ondorioz. Halaber, 50 urteko gizonezkoa eta 45 urteko emakumezkoa, senar-emazteak, zeuden etxean.

Andreak tratu txarrak ematen zizkiola esan zien udaltzainei gizonezkoak. Iturri horien arabera, mozkortuta zegoen. Emaztea galdekatzen hasi zirenean, negarrez hasi zen andrazkoa, eta arazoa alderantzizkoa zela agertu zien: inoiz salaketarik jarri ez zuen arren, senarrak maiz jipoitzen zuela. Emaztearen lekukotasuna entzunda, senarra atxilotzea erabaki zuten udaltzainek.

Gaur, berriz, goizeko ordubietan emaztearen deia jaso du Ertzaintzak: senar oiha etxera sartu zaiola eta eraso egin diola agertu die. Esandako lekura iritsi direnean, behebarruan topatu dute ustezko erasotzailea, alde egiteko asmoz. Miatu egin dute, eta laban bat aurkitu diote; gero, aizto hori erasoan erabili duela frogatu ahal izan dute.

Ertzain batzuek gizonezkoa miatzen zuten bitartean, beste batzuk etxebizitzara igo dira. Emakumea topatu dute han: bikotekidea ate joka agertu dela azaldu die, eta hasieran ez diola ireki. Kolpeak gero eta handiagoak zirenez eta bien umea esnatzerik nahi ez zuenez, azkenean, atea zabaltzea erabaki duela erantsi du. Une horretan, gizonezkoa iraintzen eta hiltzeko mehatxua egiten hasi zaiola erantsi du, eta Ertzaintzari deituko ziola esan dionean, labana jaurti diola. Labanak zangoan jo du, baina ebaki bat besterik ez dio egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.