Joan den igandean atxilotu zuten 28 urteko gizonezkoa, Abetxuko auzoan (Gasteiz, Araba). Gizon bat emakume bati eraso egiten ari zenaren abisua jaso zuten larrialdi zerbitzuek. Poliziak esan duenez, bi adingaberen aurrean gertatu ziren erasoak –bikotearen alaba da horietako bat—, bikotearen etxebizitzan. Udaltzainak bertaratu zirenerako, etxetik ihes eginda zegoen emakumea. Azaldu dutenez, poliziari deitzen ahalegindu zen emakumea, eta gizonak sakelako telefonoa kendu eta jo egin zuen. Eraso, irain eta mehatxuak ohikoak zirela azaldu zien emakumeak poliziei, eta atxilotu egin zuten gizonezkoa.
38 urteko gizonezkoa astelehenean atxilotu zuten udaltzainek. Taberna batetik zetozen oihuak entzun zituzten udaltzainek, astelehen goizaldean Zabalgana auzoan zaintza lanetan ari zirela. Gizona eraso egiten ahalegindu zela, eta emakumearen senideak emakumea babesten ahalegin zela azaldu dute poliziek. Ospitaleratu egin zituzten biak, eta atxilotu egin zuten gizonezkoa. Erasoak ohikoak zirela azaldu zien emakumeak udaltzainei.
Foruzainek ere bi gizon atxilotu zituzten, atzo gauean. Cascanten emakume batek etxetik ihes egin behar izan zuen alabarekin, senarraren tratu txarren beldurrez; lehendik ere izaten zirela salatu du, eta foruzainek atxilotu egin dute 41 urteko gizona. Tafallan 36 urteko beste bat atxilotu zuten, emazteari bihurkin batekin mehatxu egiteagatik. Gizon horrek etxetik bota zituen emaztea eta bi seme-alaba.