Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu Irunen eta Villabonan, ustez euren bikotekideak jotzeagatik. Ustezko bi erasotuak ospitalera eraman dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak azaldu duenez.
Irungo taberna batean gertatu zen ustezko eraso atzo, 22:30ak aldera. Ertzaintza iritsi zenean bi lagunek helduta zuten gizonezkoa, eta ustezko erasotuak zauriak zituen aurpegian. 32 urteko gizona da atxilotua, eta urtarrilaren 21ean Donostian atxilotu zuten, bikotekide berari eraso egin ziolakoan.
Villabonan emakumezko batek Ertzaintzari deitu zion atzo goizean, laguntza behar zuela esanez. Ertzaintza haren etxera joan zen, eta gizonezkoak mehatxatu egin zuela salatu zuen. Hernanin atxilotu zuten 42 urteko gizonezkoa.