Sexu erasoak

Bi gizonezko atxilotu dituzte Tolosan eta Baztanen

Tolosan adingabe bati sexu eraso bat egitea egotzita atxilotu dute, eta Baztanen, erritual batean ayahuasca erabili ondoren emakume batetaz abusatzea leporatuta.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea, Tolosan, joan den apirilaren 27an. JON URBE, FOKU
arantxa iraola
2018ko maiatzaren 28a
14:08
Entzun

Joan den ostiralean, emakume adingabe batek salaketa bat jarri zuen Tolosan, ertzainen polizia etxean; apirilaren 8an jazotako sexu eraso baten berri eman zuen. Gizon batek eraso egin ziola azaldu zuen. Berehala jarri zuten poliziek ikerketa bat martxan gizonezko hori atzemateko, eta larunbatean bertan aurkitu zuten. Atxilo eraman zuten, eta epailearen aurrean deklaratu du jada; kartzelan sartzeko agindua eman du hark. 27 urteko gizon bat da.

Foruzainek, berriz, 47 urteko gizon bat atxilotu dute Baztanen andre bati sexu abusuak egitea leporatuta. Xaman gisara ziharduen, itxura batean, gizon horrek, eta hori baliatu zuen andreari eraso egiteko. Erritu bat egiten ari zela argudiatuta, ayahuasca eman ziola salatu du andreak, landareekin egindako substantzia bat, eta era horretan nahasmendua eragin ondoren egoera hori baliatu zuela abusuak egiteko. Gizonak beste bezero gehiagori ere eskaintzen zizkien, itxura batean, erritu horiek, 80 euroren trukean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.